Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiak Sukaldanitzak egitasmoa antolatu du. Bertan jaiotako eta kanpotik etorritako urretxuarrek elkarrekin kozinatuko dute, eta, hala, elkar ezagutzeko aukera izango dute.
Urretxuko Goierri kirol elkartearen egoitzako sukaldeak ez ditu metro koadro asko, baina mundu oso bat kabitzen da bertako lau suen artean. Bertan jaiotako eta kanpotik iritsitako urretxuarren arteko harremanak estutzeko erabiltzen dute, gastronomia aitzakiatzat hartuta. Sukaldanitzak izena jarri diote egitasmoari. Datorren asteburuan egingo dute lehen topaketa, eta, horren ondoren, bi larunbatez behin, beste bi juntadizo egingo dituzte. Seigarren aldia izango du aurtengoa egitasmoak.
Hau da dinamika: erosketak egiteko elkartzen dira goizean. Tokatzen den herrialdearen arabera, hango jatorria duen urretxuar batek hartzen du gidaritza, eta berak esaten du zer eta zenbat erosi behar den. Behin erosi beharrekoak erosita, elkartera joan, eta arduradunak errezeta erakusten die gainerakoei; azkenik, mahaiaren inguruan eseri eta prestatutakoa jaten dute. Sukaldaritza ikastaro bat dirudien arren, Oihana Merino Cabrera Urretxuko Udaleko Aniztasun eta Bizikidetza teknikariak kontatu du helburua dela askotariko jatorrietako urretxuarren arteko «sarea ehuntzea». Horregatik, hain zuzen ere, uste du garrantzitsuagoak direla lapikoen eta mahaien artean sortzen diren elkarrizketak, patata tortillaren errezetak tipula duen ala ez ikastea baino, adibidez.
Merinoren arabera, «harreman iraunkorrak egosi dira» Sukaldanitzak egitasmoaren barruan. Parte hartzaileek gogobeteta bukatu ohi dutela dio, eta askok errepikatu nahi izaten dutela esperientzia. Hala, urtetik urtera geroz eta jende gehiagok ematen du izena. Aurten, esaterako, berrogei urretxuar elkartuko dira. Goierriko sukaldean denak kabitzen ez direnez eta gastronomia osagarri bat besterik ez denez, taldeka banatu beharko direla iragarri du teknikariak. Bazkaltzeko garaian are gehiago izatea espero dute, baina. «Erosketak egitera eta janaria prestatzera jende helduagoa etortzen da, baina bazkaltzera etortzen direnetatik asko familiak izaten dira», esan du. Jatorriari dagokionez, gutxi gorabehera, parte hartzaileen erdiak herrian bertan jaiotakoak dira, eta beste erdiak, bertara etorritakoak.
Urretxuko Udalaren eta Eustaten datuen arabera, 6.798 urretxuarretatik 5.146 bizilagunek jatorri gipuzkoarra dute. Hau da, lau urretxuarretik hiru bertan jaioak dira edo lurraldeko beste herriren batetik joan dira bertara. 1.300 lagunek baino gehiagok, berriz, atzerriko jatorria dute: espainiarren eta magrebtarren taldeak dira handienak, baina Europako hainbat herrialdetako jendea, amerikarrak, asiarrak eta ozeaniarrak ere bizi dira bertan. Aurtengo lehen bi saioetan munduko hainbat errezeta landuko dituzte, eta hirugarren eta azken juntadizoan, berriz, Euskal Herriko sukaldaritza tradizionala jorratuko dute.
«Erosketak egitera eta janaria prestatzera jende heldua etortzen da, baina bazkaltzera etortzen direnetatik asko familiak izaten dira».
OIHANA MERINO Urretxuko Aniztasun eta Bizikidetza teknikaria
Kanpotik iritsitako urretxuarrei Urretxun Bizi Gara harrera eskolan ematen zaie ongietorria. Merinok foro horren garrantzia azpimarratu du. Izan ere, Urretxuko herria eta gizartea «hobeto ulertzeko» baliagarria dela dio, besteak beste, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak jorratzen dituztelako. Foro horien bitartez bideratzen dituzte Sukaldanitzak saioetara.
Errezeta liburua
Urretxuko Udalak hamar urte baino gehiago daramatza bizikidetza arloa lantzen. 2012an sortu zen Aniztasun eta Bizikidetza Mahaia, «diskriminazioaren prebentzioan eta identifikazioan lan egiteko, eta gizarte kohesioa eta bizikidetza sustatzeko proiektuak bultzatzeko». Besteak beste, 2018. urtean, zurrumurruen aurkako estrategia bat garatu zuten, eta, bertan, jatorri ezberdineko urretxuarren arteko kidetzearen garrantzia nabarmendu zuten. Hala, urte horretan bertan egin zuten lehen gastronomia topaketa. Bidean, munduko bost kontinenteetako platerak prestatu dituzte, eta hamaika herritarren arteko zubiak eraiki. Topaketa horien emaitza gisa, duela bi urte Sukaldanitzak: aniztasuna lapiko artean liburua argitaratu zuten. Hainbat alditan prestatutako errezetak dira, urretxuarren ahotik kontatuta.