Azken urteetan Baigorrin (Nafarroa Beherea) bizi den Josu Martinez (Bilbo, 1986) zinemagileak zuzendutako Bizkarsoro film luzea emango dute datorren asteartean (hilak 27) Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldia 19:30ean hasiko da. Sarrera doan izango da. Emanaldi hau Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak eta ButaK 21 zineklubak antolatu dute elkarlanean, bi herriotako udalen laguntzarekin. Ipar Euskal Herriaren frantseste ahalegina eta euskararen atzentzea ditu gai nagusi luzemetraiak.
Honela dio filmaren webguneko sinopsiak: “Bizkarsoro herria ez da existitzen eta, era berean, Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. Bizkarsorotarrak fikziozko pertsonaiak dira eta, era berean, euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira. 1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. Ahozko lekukotzetan eta idatzitako testuetan oinarritutako fikziozko bost istorio dira, bost hamarkadatako kontakizuna”.