Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urretxuko Udalak Santa Barbarako errepidea (GI-3771) berritzeko konpromisoa berretsi dute gaur. Maria Ubarretxena Bide Azpiegituretako diputatuak eta Jon Luqui alkateak hitzarmena sinatu zuten joan zen apirilean eta gaur jarraipen bilera egin dute. Ondoren, lankidetzaren hurrengo urratsen berri eman dute. Santa Barbarako errepidearen birgaitzea uda honetan hasiko dela aurreratu dute. Obra aldundiak egingo du eta aurrekontua 336.000 eurokoa da. Ondoren, errepidea udalaren eskuetara pasako da.
Horretaz gain, Ipeñarrietako zuzengunea birgaituko dute. Aparizio auzoko errotondatik herriaren sarreraraino doan errepide zatia birgaitzea 206.526 euro kostako da. Obra aldundiak ordainduko du, baina obraren ardura udalak hartuko du.
Hitzarmenean jasotako lehen lana iazko udan hasi zen eta bukatu dute dagoeneko: Santa Barbarako errepidearen ondoan eta Pagoeta auzotik Etxaburura doan bidean luiziek eragindako kalteak konpondu dituzte eta berriro luizirik egon ez dadin hartu beharreko neurriak hartu dituzte. Aurrekontua 479.764 eurokoa izan da. Aldundiak %49 ordaindu du eta udalak %51.