Herritarrak 19:00etan Iparragirre plazan elkartzera deitu dituzte, kultura herriak eta kulturaren parte aktibo diren norbanakoek koordinatu eta bultzatu behar dutela aldarrikatzeko
Kulturaren arloan lan egiten duen herritar talde batek Urretxuko alkatetzaren eta kultur eragileen arteko harreman eza salatu du. Herritarrak agerraldi batera deitu dituzte, kultura herriak eta kulturaren parte aktibo diren norbanakoek koordinatu eta bultzatu behar dutela aldarrikatzeko. Agerraldia etzi (ostirala) egingo dute, Urretxuko Iparragirre plazan. Deialdia ordubete aurreratu dute: 20:00etan zen egitekoa, baina 19:00etan egingo dute.
Horra horu aipatutako taldeak komunikabideetara bidalitako oharra:
“2023ko urtarrilean hasten du ibilbidea KulturAnitz taldeak. Oraindik izen, helburu eta helmuga finkorik gabe. Baina amesteko gogo eta nahi izugarriekin.
Uggasa, Urola Garaiko garapen agentziak, Asteazken Kooperatiboak deituriko ekimena jarri zuen martxan. Bertan sektore ezberdinei begirada kooperatibo batetik begiratzeko planteamendua egiten zuten saio ezberdinak gauzatu ziren.
Bertara bi herrietako herritar ezberdinak gerturatu ziren eta sektore honetan gehiago arakatu eta herrian zerbait eraikitzeko eta gauzatzeko nahiarekin, biltzen hasi ziren. Gainera momentu eta espazio egokia identifikatu zituzten Urretxun.
Bi herrietako sortzaile ezberdinekin bildu, ikastetxeetako ikasleei galdetegiak pasa, QRkode bidezko herri galdeketa egin… Modu anitzetara herritarren beharrak eta kezkak aztertu ostean, taldea egonkortu eta proiektu bat gauzatzen hasi zen.
Urretxuko Udala Pagoeta auzoan (elizan) egiten ari zen inbertsioaz baliatu eta espazioaren kudeaketa aurrera eraman eta espazioa bizirik mantenduko zuen kultur kooperatiba baten proiektuari forma ematen hasi ziren.
Proiektuak herriko sortzaileen, kultur eragileen zein herritar soilen beharrei erantzungo dien eskaintza bat du oinarri, norbanako kulturalen saretzea eta kultur espazio erreferentea izatea bilatzearekin batera. Aldi berean, herriarentzako kultur agenda koordinatu eta aberats bat sortzeko helburua ere mahaigaineratu da: udalak sortutako espazioa baliatu, egun oso erabilera txikia duen espazioa biziberritu eta auzolanetik eta kulturaren parte aktibo diren norbanakoen eskutik sortuko den eskaintza kultural bat sortzea.
Ideia, helburu eta lan guzti hau idatzi eta proiektu ameslari baina sendo batean bilakatu ostean, udalarekin harremanetan jartzeko lehen saiakera egin genuen. 2023ko martxoaren 30ean udalaren Kultura departamentura lehen mezua bidali genuen alkatearekin biltzeko nahia adieraziz gure proiektuaren berri emateko. Gure harridurarako, asteak igaro eta oraindik erantzunik jasotzen ez genuela ikusita, berriz ere idatzi genuen. Hemen hasi ziren aitzakiak, Aste Santua gertu zegoela eta ostean egingo genuela, hauteskundeak ondoren… Azkenean uztailaren 5ean alkatearekin eta Kultura zinegotziarekin bildu ginen.
Bileran bertan alkatearen jarrerak ulertezinak eta onartezinak iruditu zitzaizkigun. Aurkezpena normaltasunez egin genuen, proiektuaren kokalekua azaltzen zuen puntura heldu ginen arte. Orduan, proiektuaren berri lehenago eman ez izana aurpegiratu zigun, arlo pertsonalari dagozkion komentarioak egin zituen (ez zen horretarako unea eta tokia), proiektuaren atzean EH Bilduren eskua zegoela aurpegiratu zigun…
Horren ostean, alkatetzaren eta kultur eragile zein kulturaren parte aktibo diren norbanako ezberdinen arteko harreman eza mahaigaineratu nahi dugu, Pagoetako kultur gunea sortzeko momentuan ez baita bilera ez iritzi eskaerarik egin. Hau da, berriz ere kulturaren inguruko erabakiak kulturan aritzen ez direnek hartu dituzte.
Honekin batera, KulturAnitzen izenean herrian kultura bizirik mantentzen duten norbanako guztien lan boluntarioa eskertu nahi dugu.
Egun, udalaren aldetik inongo berririk jaso gabe jarraitzen dugu. Horregatik, eta herri honetako kultura herriak eta kulturaren parte aktibo garen norbanakoek koordinatu eta bultzatu behar dugula ulertuta, hurrengo deialdia luzatu nahi dizuegu: otsailaren 23an, ostirala, 19:00etan, Urretxuko Iparragirre plazan egingo dugun agerraldira etortzeko gonbitea egiten diogu herritar, kultur eragile zein sortzaile orori”.