Zumarragako Udalak Euskararen Sustapenerako Ekintza Planaren baitan egindako lanaren eta 2024rako aurreikusitako ekintzen berri eman du. Bide batez, herritarrak ekarpenak egitera animatu ditu. Aurkezpen ekitaldian Nerea Errasti zinegotziak eta Aitor Lizarazu Euskara teknikariak parte hartu dute.
Errastik Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak 2012an Euskararen Sustapenerako Ekintza Plana onetsi zuela gogoratu du. Urte berean, Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak Plana bere egin zuen. 10 urte ondoren, Gobernu Kontseiluak prest du euskararen erabilera handitzea helburu duen hurrengo 10 urteetarako plana (Aroa izenekoa). Hori martxan jarri aurretik, Errastik 2012ko Ekintza Planak Zumarragan eman duenaren berri eman nahi izan du.
Hasteko, errealitate soziolinguistikoaren berri eman du. Euskararen ezagutza %62,3koa da. Duela hamar urte %54,88koa zen. 40 urtetik beherako ia herritar guztiek euskara ulertzen dute. Erabilerak behera egin du, ordea: 2001etik 2017ra %22aren bueltan ibili zen eta 2021ean %16,3koa zen. “Azken neurketa horretan, bereziki larritu gintuen 14-25 urte bitarteko gazteen erabilerak: %5,5”, esan du Errastik.
Balantze ekonomikoari dagokionez, 2012an Plana onartu zenetik gaurdaino, 3,226.000 inbertitu ditu udalak. 248.000 euro urteko, batez beste.
Planak zazpi helburu estrategiko izan ditu: familia transmisioa; irakaskuntza; helduen euskalduntzea eta alfabetatzea; administrazioa euskalduntzea; arlo sozio-ekonomikoa; asia, kultura eta kirola eta tokiko hedabideak eta teknologia berriak.
Lizarazuk eman du zazpi helburu estrategikoen berri. Familia transmisioari dagokionez, aurten udalak 6.500 euro bideratuko dituela esan du. Udalak Hazi-hezi aldizkarira urtebeteko harpidetza doan eskaintzen die haurra izan berri duten gurasoei, besteak beste. Helburuak gurasoak sentsibilizatzea eta euskaraz hezteko baliabideak ematea da.
Irakaskuntzari dagokionez, Lizarazuk ikastetxeen lana txalotu du. Udalak 50.000 euro bideratuko ditu aurten irakaskuntzari laguntzeko. 29.400 euro ikastetxeei emango dizkie, euskarazko eskolaz kanpoko jardueretarako.
Helduen euskalduntze-alfabetatzera 145.300 euro bideratuko ditu. Gainera, 3.000 euro bideratuko ditu euskara herritik kanpo ikasten duten herritarrentzat.
Arlo administratiboan egiten den lanaren helburua herritarren euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea eta udalak duen eraginarekin euskararen erabilera sustatzea da. 2022an herritarren %23,6ak udalarekin idatzizko komunikazioa euskaraz izatea hautatu zuen. Bestalde, udala etxe barruko Plan Estrategikoa diseinatzen ari da. Plan horren helburua udala euskalduntzea da.
Arlo sozio-ekonomikoari eta lan munduari dagokionez, bereizgarri bat eman diete euskaraz ulertzen duten tabernari eta dendariei. 51 establezimenduk lortu dute bereizgarri hori.
Asiari eta kirolari dagokionez, Lizarazuk Zintzo-Mintzorekin sinatutako hitzarmena azpimarratu du. Horren arabera, euskara elkarteak gazteen artean euskararen erabilera handitzeko lan egingo du. Zumarragako Udalak 25.100 euro bideratuko ditu aisialdian eta kirolean euskararen erabilera sustatzeari.
Hedabideen eta komunikazioaren teknologien alorra ere garrantzitsua da. Udalak lau urteetarako hitzarmena adostu nahi du Goierriko Hedabideekin (Goierriko Hitza, Goiberri eta otamotz.eus). Eta 18 urte betetzen dituzten zumarragarrei Goierriko Hitza urtebetez dohainik jasotzeko aukera eskainiko die aurten ere.
Bukatzeko, Errastik Euskara zerbitzuko ateak zabalik daudela gogoratu du eta ikastetxeei, kultur eta kirol elkarteei, dendariei, ostalariei eta euskaraz bizitzen saiatzen diren gainontzeko herritarrei eskerrak eman dizkie. “Jakin badakigu bakarrik ezin dugula. Ikastetxeek bakarrik ezin dute, merkatariek eta bestelako entitateek ere ez. Baina, agian, guztiok elkarrekin… saia gaitezen!”.