Zumarragako saihesbide zaharretik, GI-2632 errepidetik, marroi koloreko etxe txiki batzuk ikusten dira. Hansel eta Gretelen ipuinekoak dirudite. Esteban Orbegozo auzokoak dira. Aurten 60 urte beteko dituzte.
Auzoa Esteban Orbegozo enpresak sortu zuen, bere langileentzat. Bizilagunetako batzuk auzoa eraiki zenetik bizi dira bertan. Evaristo Marcos eta Maria Josefa Andueza, esaterako. Beraiek, Angel Dominguezek eta Carmen Franco eta Felix Mintegi senar-emazteek Goierriko Hitzarekin hitz egin dute, auzoari buruz.
Marcosek 90 urte ditu. Salamancatik (Espainia) Legazpira etorri zen eta Legazpitik Zumarragara. Igeltseroa izan zen: Legazpin kontratista batekin eta Zumarragan Orbegozon (1962tik aurrera).
Dominguezek 83 urte ditu. Benaventetik (Espainia) etorri zen, 20 urterekin. Suitzara joateko asmoa zuen, baina Zumarragara etorri zen anai batek gomendatuta. 1961ean Orbegozon hasi zen lanean eta bertan erretiratu zen.
Andueza Zumarragan jaio zen, duela 90 urte. Bere senarra zenak, Jose Andres Bikuña nafar jatorriko legazpiarrak, Aparizio eta Orbegozo enpresetan lan egin zuen.
Mintegi Zumarragako Eitza auzoan jaio zen, duela 76 urte. Urretxuko Amasa eta Zumarragako Unanue enpresetan lan egin zuen, Orbegozon hasi aurretik (1968an). Franco San Martin de Trevejo (Espainia) herrian jaio zen duela 74 urte. “7-8 hilabeterekin Urretxura ekarri ninduten. Lehenengo Aitxun bizi izan ginen eta ondoren Aparizion. Felix, Unanue enpresan lan egiten zuenean ezagutu nuen. Nik ondoan lan egiten nuen, Badin. 53 urte daramatzagu auzoan. Ezkondu aurretik eman ziguten etxea: 3 zenbakiko beheko solairua. Egun, 22 zenbakian bizi gara”.
Guztiek ondo gogoratzen dute auzoaren eraikuntza. “Auzoa eraiki aurretik, hau lursail bat zen. Espilla zuen izena. Igande arratsaldetan mojekin etortzen ginen, arratsalde pasa”, oroitu du Anduezak. “Hemen erbiak zeuden! Satur Orbegozoren emazteak lursail hau txaleta egiteko erosi zutela esan zidan. Baina langileentzat etxeak egitera behartu zituzten eta hemen egin zituzten. Orbegozo sendia alokatutako txalet batean bizi zen, Urretxun. Beraien etxera joaten nintzen konponketak egitera eta Saturren emazteak, Maria Jesusek, kontatuta dakit hori guztia”, gehitu du Marcosek.
Esteban Orbegozo auzoan 236 etxebizitza egin zituen enpresak. 23 bloke daude. Bost lau etxebizitzakoak dira eta gainontzekoak hamabikoak. Etxe guztiak ez zituen eraikitzaile berak egin. Hiru eraikitzailek lan egin zuten: Mendiolak, Irastortzak eta gogoratzen ez duten hirugarren batek.
Ezkonduta zeudenei edo ezkontzera zihoazen langileei bakarrik ematen zieten etxea. Alokairuan bizi ziren. Handik urte batzuetara, duela 47 urte, enpresak etxeak saldu zizkien bizilagunei.
Etxebizitza txikiak dira: 55 metro koadro dituzte. Anduezak handiagoak egin zitzaketela dio. Marcosek hezetasun arazoak izan zituztela eta etxe batzuetan bainuontziko hustubidea ez zutela isurbidera konektatu oroitu du. “Ur kontagailu bakarra zegoen bizilagun guztiontzat. Ura Orbegozok ordaintzen zuen hasieran. Alokairuak 500 pezeta balio zuen, ura barne”.
Anduezak ur hornidura arazoak zituztela eta bera eta bere senarra gauero Bidezarreko iturrira ur bila jaisten zirela gogoratzen du. Bost seme-alaba zituzten…
Marcosek eta bere emazteak hiru seme-alaba izan zituzten, Dominguezek lau eta Mintegik eta Francok bi. Etxebizitza txiki horietan horrenbeste jende sartzea ez zen erraza izango… Francok garai batean haurrek ohe berean lo egitea ohikoa zela gogoratu du. “Guk hiru seme-alaba izan genituen eta aitaginarreba eta koinatu bat gurekin bizi izan ziren! Sukaldea eta jangela batera zeuden eta askok banatu egin genituen gela bat gehiago lortzeko”, gehitu du bere bizilagun Marcosek.
Anduezak etxean ile-apaindegia egokitu zuen duela gutxi hil den alabarentzat. Dendei dagokionez, bakarra egon zen: Marinaren janari-denda. Lehenago eskola egon zen bertan eta egun hortz klinika bat dago. “Gabonetan, Orbegozok jostailu denda bat irekitzen zuen langileentzat beste lokal batean. Eta desgaitasuna zuten pertsonentzako ludoteka bat ere egon zen”, gogoratzen du Francok. Bere senarrak poliziaren komisaldegia auzoan ireki nahi izan zutela gehitu du.
Etxeak txikiak ziren eta denda bakarra zuten, baina zorionekoak ziren. Izan ere, garai hartan etorkin asko heldu ziren Zumarragara eta etxebizitza gabezia zegoen. Batzuk baserrietan bizi ziren, apopilo.
Familia guztiek seme-alaba asko zituzten eta Esteban Orbegozo auzoan sekulako giroa zegoen. Gauzak asko aldatu dira. “Villabonako alabak, bisitan etortzen denean, auzoak hilerria dirudiela esaten dit. Adineko asko bizi gara, jende asko joan egin da etxeetan igogailua egiterik ez dagoelako… Dena den, azkenaldian familia gazte batzuk etorri dira. Gehienak, etorkinak”, azaldu du Anduezak.
Etxeetan ez dute igogailurik, baina auzora heltzea lehen baino errazagoa da: lehen eskailerak besterik ez zituzten eta egun arrapalak eta igogailu bat dituzte. Francok kexa bakarra du: Kux-Kux dendaren ondoko eskailerak. “Jaisterako orduan, Felixi heltzen diot. Igotzea ezinezkoa zait. Piramideetara igotzea bezala da. Anbulatoriora edo tren geltokira joateko bide motzena da, baina ez da irisgarria. Bestelakoan, auzo ondo ikusten dugu. Kariñoa diogu”.
Marcosek, Zumarragako plazan etxe bat emango baliote ez litzatekeela joango dio. “Hemen lasaiago bizi gara”. Anduezak ere ez du auzotik joan nahi. “Seme-alabek aspertuta naukate. Beste nonbaitera joateko esaten didate, baina hemendik ez nautela mugituko esaten diet. Etxetik sekulako bistak ditut, gainera. Eta auzoa maite dut”.
Izan ere, ia bizitza osoa daramate bertan. Oroitzapen asko eta asko auzoari lotuak daude. Familia osatu zuten garaia, seme-alaben haurtzaroa, bizilagunen arteko harremana… “Eskaileretako eskubandak denon artean egin genituen. Bakoitzak zekiena egin zuen”, amaitu du Mintegik.