Helburua herriko gazteen bizi kalitatea hobetzea da. Emantzipazioa, kohesio soziala eta berdintasuna aintza hartzen ditu. Ekimenak prestatzeko balioko du.
Zumarragako Udalak 2024-2027 Gazteria Plana onartu du, aho batez. Lehen Gazteria Plana da eta helburua herriko gazteen bizi kalitatea hobetzea da.
Gazteria Plana astearteko osoko bilkuran onartu zen. Nerea Errasti zinegotziak eman zuen bere berri. Emantzipazioa, berdintasuna eta kohesio soziala aintzat hartzen dituela esan zuen. “Plana egin aurretik, diagnostiko bat egin zen. Eta Plana udalaren, elkarteen eta gazteen arteko elkarlanaren fruitua da. Parte hartze prozesu bat egin genuen beraien beharrak eta kezkak ezagutzeko”.
Planak gazteei zuzendutako ekimenak prestatzeko balio izango du. Gainera, ekintzen eraginkortasuna neurtzeko sustema bat du.
Bost printzipio ditu: gazteen parte hartzea, ahalduntzea, berdintasuna eta inklusioa, transbertsalitatea eta erakundeen erantzunkidetasuna.
Planak hiru ardatz estrategiko eta 14 helburu ditu. Helburu horien artean daude, gazteei lan munduan barneratzen laguntzea, ekintzailetza bultzatzea, emantzipaziorako laguntzei buruzko informazioa zabaltzea, etxebizitza parkea handitzea, errespetua, berdintasuna, askatasuna eta matxismo eza oinarri duten hartu-emanak sustatzea, kultur eta aisialdi eskaintza erakargarria sendotzea, parte hartzea eta erantzunkidetasuna sustatzea, euskararen erabilera bultzatzea eta mugikortasun jasangarria eta kontsumo arduratzea bultzatzea.
Helburu horiek guztiak lortzeko 36 ekintza martxan jarriko dira eta aurrekontua 1.438.551 eurokoa izango da.
Alderdi guztiek alde bozkatu zuten, baina EH Bilduk Planari “anbizioa” falta zaiola esan zuen. “Zenbait kasutan dagoeneko martxan dauden egitasmoak paper gainean idatzi dira. Proposamen berritzaileak ere egin daitezkeela uste dugu, gazteokin lankidetza zuzenean. Prozesu osoan izan behar gara protagonistak eta ez parte hartze metodologia justifikatzeko pieza bat”, esan zuen Irati Arratibelek. 70 inkesta egin direla eta hori ez dela errealitatea ezagutzeko modu aproposena gehitu zuen.
Errastik bilerak ere egin direla gogoratu zuen eta Mikel Serrano alkateak alderdiek ekarpen gutxi egin dituztela esan zuen.