1974an jaiotako urretxuarrek eta zumarragarrek festa egingo dute martxoaren 16an, 50. urtemuga ospatzeko. Urtemuga berezia denez, festa berezia antolatu dute. 13:30ean elkartuko dira, Urretxuko Buhame tabernan. 14:30ean Etxeberri jatetxean bazkalduko dute. Bazkalostean opariak zozkatuko dituzte eta ondoren dantzaldia egingo dute. Afari-meriendaren ostean, herrigunera itzuliko dira.
Bazkariari dagokionez, hasieran koktela egingo dute. Txistorra, foiea, hummusa, otarrainxkak, legatza, vychissoisea, gazta, ganbak eta kroketak dastatu ahal izango dituzte. Ondoren, txahal masailak risottoarekin eta kremazko hostopila izozkiarekin. Menuak 100 euro balio du (kafea, edaria, kopa, opariak, dantzaldia eta afari-merienda barne).
Parte hartu nahi dutenek, ATA harategian, Goxogi gozo-dendan, Ur (Leire Santillan) jantzi-dendan eta Berit tabernan eman dezakete izena.