Urretxuko Udalak eta Erroak-Sartu Elkarteak urteak daramatzate gizarte arloko hainbat proiektutan elkarlanean. Udazkenean proiektu berri bati ekin zioten emakume talde batekin batera. Adin, jatorri eta sentsibilitate desberdinetako emakumeek elkar ezagutu eta bide bateratu bat egin dute: trabak eta aurreiritziak gainditu dituzte, negar eta barre egin dute, ikuspuntuak partekatu dituzte, hausnarketarako tartea izan dute, irakasteko eta ikasteko aukera izan dute, elkarri sostengua eman diote eta elkar zaindu dute.
Finean, elkarlanean aritu dira zer diren eta nola sentitzen diren irudikatzeko: emakume indartsuak, boteretsuak, langileak, ederrak… Ibilbide hori guztia ehunezko mural batean jaso dute. Bertan denen artean eskuz jositako hitzak irakur daitezke. Euskaraz, gazteleraz, arabiarrez eta urduz elkarrekin hitza idatzi dute.
Horretaz gain, panpina batzuk egin dituzte, hari eta oihalekin. Panpina horiek elkar besarkatzen dute, elkarri eskua ematen diote, elkarri laguntzen diote eta elkar ezagutzen dute, sortzaileek ibilbide honetan egin duten bezala.
Murala Urretxuko udaletxeko portaloian egongo da ikusgai, ostegunetik aurrera.