Irakurle taldeko kideak Anari Alberdi idazlearekin elkartuko dira gaur
Atzo, Baigorrin (Nafarroa Beherea) bizi den Josu Martinez (Bilbo, 1986) zinemagilearen Bizkarsoro filma eman zuten Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Emanaldia Zintzo-Mintzo euskaltzale elkarteak eta ButaK 21 zineklubak antolatu zuten elkarlanean, bi herriotako udalen laguntzarekin. Ipar Euskal Herriaren frantseste ahalegina eta euskararen atzentzea ditu gai nagusi luzemetraiak. Emanaldiak harrera ona izan zuen, 100 bat lagun elkartu baitziren.
Gaur ere ez da kultur ekitaldirik faltako. Irakurle taldeko kideek Anari Alberdi idazlea gonbidatu dute, Gari eta goroldiozko liburuari buruz hitz egiteko. Ekitaldia Zelai Arizti kultur etxean izango da, 19:00etan.