Oier Ibarluzea pilotari urretxuarrak Goñiren omenezko pilota txapelketan jokatuko du gaur. Ibarluzeak lau eta erdiko txapelketako final laurdenetako hirugarren kanporaketa jokatuko du, Andoni Sarasibar nafarraren aurka.
Ibarluzea pilotari oldarkorra eta boteretsua da, baina bere aurkaria ere espezialista handia da. Gainera, bera baino bi urte zaharragoa da. Cansekorekin batera DV-Bankoa txapelketako finala irabazi zuen abenduan, Beloki pilotalekuan bertan.
Pilota jaialdia 18:30ean izango da, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Lehen partida, ohi bezala, Beloki pilota eskolako haurrek jokatuko dute. Aimar Arrietak eta Unai Gorjonek, Youones Serroukh eta Unax Ormaetxearen aurka jokatuko dute.
Bigarren partida promesa mailakoa izango da. Ibarluzearena, hain zuzen ere. Hirugarren eta azken partida, elite mailako binakako partida, Enaut Lizeaga-Aratz Oliden eta Iker Egiguren-Antton Apezetxea bikoteek jokatuko dute.
Bi aurrelariak Baiko eta Aspe enpresetako Ekain Lizeaga eta Julen Egiguren pilotari profesionalen anaiak dira. Oliden, berriz, Alejandro Oliden Orioko arraunlari mitikoaren birbiloba da.
Final laurdenetako azken partidak datorren asteazkenean jokatuko dira. Promesa mailako lau eta erdikoan, Etxeberriak Labakaren aurka jokatuko du. Binakakoan, berriz, Muruak eta Bernaolak Fernandez eta Lozaren aurka jokatuko dute. Finalerdiak martxoaren 13an eta 20an jokatuko dira eta finalak, 27an.