Urretxuko eta Zumarragako Gainzuri ikastetxeko ikasleek, gurasoek eta langileek parte hartuko dute. Datorren astelehenean hasiko eta hilaren 15ean amaitu, festa batekin.
Gainzuri ikastetxeak Gainzurialdia antolatu du ikasle, guraso eta langileen artean euskararen erabilera sustatzeko. Bi asteko iraupena izango du, datorren astelehenean hasita. Euskaraldiak bezala funtzionatuko du eta dagoeneko txapak banatu dituzte parte hartzaileen artean.
Iñaki Etxaniz ikastetxeko zuzendariak eman du egitasmoaren berria. “Eskolan euskara foroa dugu. Guraso eta irakasleok elkartzen gara. Helburua Gainzurin euskara gehiago hitz egitea da. Hizkuntzaren normalizazioa lantzea. Hainbat ekimen egin ditugu: aisialdi proiektua dugu,
irteera batzuk egin ditugu familia euskaldunak saretzeko… Aurten, horretaz gain, Gainzurialdia egitea bururatu zaigu”.
Helburua eskola komunitatean euskara erdigunera eramatea da. “Euskararen gaia erdigunera ekarri nahi dugu. Garrantzitsua iruditzen zaigu irakasle, guraso eta umeen artean gai honi heltzea. Euskararen erabilera herriko arazo bat da eta gurean ere bai. Helburua gurasoek, irakasleek eta irakasleek honen inguruan hitz egitea da. Gaiari heltzea. Askotan, euskaraz dakigunok erdaraz aritzen gara gure artean”.
Formatua Euskaraldiko bera izango da. “Bi rol edukiko ditugu: GainzuriBizi eta GainzuriPrest. Bakoitzak dagokion rola aukeratu du eta martxoaren 4an txapak jarri eta ekimenari hasiera emango diogu. Martxoaren 15ean amaituko da. Martxoaren 15ean festa bat egingo dugu, ekitaldiari bukaera emateko. Eguraldi ona egiten badu, Areizaga-Kalebarren plazan izango da”.
Eskola komunitateko kide askok parte hartuko dute. “Guraso askok eman dute izena. Ia 300ek. Ikasleei dagokienez, Haur Hezkuntzako guztiek parte hartuko dute. Lehen Hezkuntzan hautazkoa izango da. Beraien hautua izatea nahi genuen, modu kontziente batean egin zezaten. Ez genituen behartu nahi, baliorik gal ez zezan. Eta Lehen Hezkuntzakoek hautatzeko gaitasuna dutela ulertzen dugu. Gehienek parte hartuko dute. Ikasle guztiek GainzuriBizi rola hartuko dute”.
Langile guztiek parte hartuko dute, ez bakarrik irakasleek. “Autobusekoek, jangelakoek eta eskolaz kanpoko ekintzetan lan egiten duten irakasleek ere parte hartzeko aukera dute”.
Ez dute erabaki oraindik Gainzurialdia urtean behin edo bi urtetik behin egingo duten. “Euskaraldia bi urtez behin izaten da eta Gainzurialdia aurten hasiko dugu. Ez dakigu bi urtean behin edo urtean behin egingo dugun. Ikusiko dugu”.