Zumarragan, 23 urteko gazte bati hamabost urteko kartzela zigorra ezarri diote bere 14 urteko bikotekidea bortxatzeagatik. Gertaera horren larritasuna salatzeko, Itaiak elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean Areizaga-Kalebarren plazan.
Horra hor irakurri duten testua:
“Gaur, martxoaren 8aren atarian, Zumarragan bildu gara atzo jaso genuen albistea gogor salatzeko. Hain zuzen ere, 23 urteko gazte bati, 15 urteko kartzela-zigorra ezarri diote bere 14 urteko bikotekidea bortxatzeagatik eta era askotako tratu txarrak emateagatik. Gertakari hau, isolatua izatetik urrun, eguneroko ogia da Euskal Herrian. Hain dira ohikoak indarkeria matxista kasuak gure egunerokotasunean, zeinak normalizatu eta barneratu egin ditugun, baina kontzientzia lasai ez daukagun emakume langileok badakigu gizarte kapitalistan errotuta dagoen kultura matxista borrokatu egin behar dela. Ezinbestekoa da ulertzea indarkeria matxista gizarte honek jasatera behartzen gaituen biolentziaren zati dela: lan baldintza gero eta prekarioagoekin, egoera ekonomiko gero eta zailagoekin, indarkeria matxista erreproduzitzen duten modu berriekin… Gizarte progresista honek, aurrerapen teknologiko eta irisgarritasun handiagoarekin, egoera honekin amaitzeko tresnak eskaintzetik urrun, indarkeria betikotzeko modu berriak ekartzen ditu etengabe. Egoera hauen aurrean, instituzioetatik egiten diren politikak ere ez dira nahikoa eta, askotan, emakume langileak behar duen babesa eskaintzeko gaitasunik ez daukate. Honen guztiaren aurrean, guk argi daukagu bidea zein den: emakume langileok antolakuntzarako saltoa egin eta borrokara batzea, indarkeria matxistari aurre egiteko tresnak garatzeko eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde borroka egiteko”.