Urretxu eta Zumarragako udalek Iparragirre sariak banatu dituzte gaur arratsaldean. Narratiba euskaraz atalean, Mikel Fernandez Callejo urretxuarrak irabazi du saria, Kukuek ez dituzte euren kumeak zaintzen lanarekin. Fernandez 2017an ere nagusitu zen.
Bertsopaper lehiaketari dagokionez, 16 urte artekoen mailan ez da lanik aurkeztu. 16 urtetik gorakoen mailan sei lan aurkeztu dira. Saria Mikel Aiertza Etxabe aizarnazabaldarrak irabazi du, Ahanzturaren ukabilkadak lanarekin.
Narratiba lehiaketara 143 lan aurkeztu dituzte. Narratiba euskaraz atalera 14 lan aurkeztu dituzte eta, aipatu bezala, Fernandezek irabazi du saria. Narratiba erdaraz atalera 129 lan aurkeztu dituzte. Saria Marta Mariño Mexuto galiziarrak iraba du, Los intrusos lanarekin.
Poesia lehiaketari dagokionez, 51 lan aurkeztu dira. Poesia euskaraz atalean 12 lan aurkeztu dira. Saria Ainhoa Andueza San Miguel iruñearrak irabazi du, Ur tantak loratzean lanarekin. Poesia erdaraz atalean 39 lan aurkeztu dira. Saria Joan Carles Gonzalez Pujalte kataluniarrak irabazi du, Los dientes del colibri lanarekin.