Zumarragako Agiña auzoko Eider eta Ainhoa Plazaola ahizpak izango dira nagusiak
Zumarragako Agiña auzoko Ainhoa eta Eider Plazaola ahizpek Tino kafetegia hartu dute. Aurrerantzean Bolo-Bolo izango da bere izena. Ostegunean egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:00etan.
Bi ahizpek esperientzia handia dute ostalaritzan. Ainhoak taberna askotan lan egin du eta Urretxuko Florida tabernako nagusia izan zen. Eiderrek Aitube, Osaba, Florida, Pagoeta eta Laket tabernetan lan egin du, besteak beste.
Ostalaritza oso gustuko dute eta Tino itxi behar zutela jakin zutenean beraiek hartzea erabaki zuten. “Bromatan-edo, Eiderri mezua bidali nion. Itxi egin behar dute, animatuko al gara? idatzi nion”, dio Ainhoak. “Eta nik, Ainhoari ezer esan gabe, zuzenean Tinokoei deitu nien”, gehitu du Eiderrek.
Tino kafetegiko familiak oso pozik jaso zuen Eiderren deia. “Beraiek familia giroan lan egin dute eta guk ere hala egin behar dugu. Horrek ilusioa egin zien eta Rosariok adoptatu egin gaituela esan daiteke”.
Plazaola ahizpak oso gogotsu ageri dira. Kafetegia zenari, kafetegia izateari utzi gabe, taberna kutsu handiagoa emango diote. “Goizean gosari bereziak eskainiko ditugu: ogi xigortua, jogurtak, fruta, zerealak… Sukalderik ez dugunez, pintxo hotzak eskainiko ditugu. Eta izozki garaian, izozkia salduko dugu. Jendea kezkatuta zegoen eta orain arte Tinon eskaini duten izozki bera eskainiko dugu”. Ordutegiari dagokionez, 07:00etan irekiko dute.
Tabernari Bolo-Bolo izena jartzea erabaki dute. “Izen graziosoa jartzea erabaki genuen eta herrian bolo-bolo zabaldu denez berria, izen hori jartzea erabaki dugu”.