Txartelak kultur etxean jarri dira salgai, 5 euroan
Martxoaren 24an iritsiko da 23. Korrika Baionara, eta bertara joateko autobusa antolatu dute Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako Korrika batzordeek. Autobusa 08:45ean irtengo da Legazpiko Saturnino Telleria kaleko biribilgunetik eta 09:00etan Urretxu-Zumarragako geltokitik. Itzulerarako autobusa 19:00etan irtengo da Baionatik.
Autobuserako txartelak 5 euroan egongo dira salgai, martxoaren 15era bitartean, kultur etxeetan. Txartela eskuratzerakoan, izen-abizenak, telefonoa eta e-posta helbidea ere jasoko dituzte. Autobus bat beteko balitz, bigarren baterako itxaron zerrenda osatuko litzateke, eta gutxieneko kopuru bat balego, bigarren autobusa antolatzea aztertuko lukete.
Adin txikikoen kasuan, Estatu batetik besterako bidaia denez, hainbat baldintza bete beharko dituzte: A) Autobusa baliatu ahal izateko, autobusean joango den adin nagusiko bat izan beharko dute ezinbestean euren arduradun. Adin txikikoa eta haren gurasoa(k)/tutorea(k) arduratu beharko dira adin nagusiko arduraduna aurkitzeaz eta harekin erantzukizuna adosteaz. B) Ezinbestekoa izango da adin txikikoak atzerrira irteteko guraso(ar)en/tutore(ar)en baimen ofiziala egitea. Inprimakia gurasoek/tutoreek (guztiek, bat baino gehiago diren kasuetan) sinatu, eta Ertzaintzan izapidetu beharko dute, aurrez aurre edota egoitza elektronikoaren (labur.eus/Ptslw) bitartez. Baimenean zehaztuta geratuko da autobusean doan adin txikikoaren arduraduna nor izango den. C)Autobuserako txartela erosteko orduan ez, baina autobusera igo ahal izateko agiria izan eta aurkeztu beharko dute, ardura beregain hartu duen adin nagusikoarekin batera. D) Adin txikikoaren erantzukizuna baimenean agertzen den adin nagusikoarena izango da, eta ez tokian tokiko Korrika Batzordearena. E) Behin txartela erosita, ez da dirua itzuliko.
Korrika Baionara sartzerako, bertan izango dira autobusean joango diren kideak. Festa egitarau beteaz gozatzeko aukera izango dute.