Miren Josu Aranburu urretxuarrak eta Idoia Luzuriaga zumarragarrak Hezi2de aholkularitza sortu zuten 2016an. Berdintasun eragileak dira administrazioan, enpresan eta hezkuntzan.
Berdintasunaren aldeko borrokan aurrerapauso handiak eman dira, baina lan handia dago oraindik egiteko. Lan horretan dihardutenen artean, aholkularitza zerbitzuak daude. Urretxuko Hezi2de kooperatiba, esaterako. Aitzindariak izan ziren eta berdintasunaren aldeko borrokako lehen lerroan lan egiten dute. Ikastetxeetan eta enpresetan, besteak beste.
Hezi2de kooperatiba Miren Josu Aranburu urretxuarrak eta Idoia Luzuriaga zumarragarrak sortu zuten. Kuadrillakoak dira, oso gaztetatik berdintasunaren inguruko kezka izan dute eta berdintasun arloan formatzea erabaki zuten.
Aranburuk Soziologia ikasi zuen lehenago eta Luzuriagak Kazetaritza. Ondoren, EHUren Berdintasun masterra egin zuten (Berdintasun Eragileak Administrazioan, Enpresan eta Hezkuntzan). Luzuriaga bigarren promoziokoa da. 15 urte pasa dira jada titulua eskuratu zuenetik. “Kazetaritzatik, berdintasun plan bat zer den ulertu nahi nuen, adibidez. Masterra egitea erabaki nuen eta mundu bat deskubritu nuen”, azaldu du.
Aranburuk hezkuntza arloan eragiteko beharra sumatu zuen. “Gainzuri ikastetxeko hezkidetza taldean nengoen. Mundu hori gustatu egin zitzaidan eta behar handi bat zegoela ikusi nuen. Formatutako jendea behar zela eta ikasitakoa transmitituko zuen jendea behar zela ikusi nuen. Hezkuntzaren arloa estrategikoa da berdintasunean. Batez ere, Lehen Hezkuntzan”.
Hasieran, Luzuriagaren asmoa ez zen arlo horretan lan egitea. Aranburuk, ordea, bazuen bere egitasmoa martxan jartzeko gogoa. “Jakin-minaz gain, gurea izango zen zerbait sortu nahi nuen, inoren mende ez egoteko”, aipatu du.
Hala, duela zortzi urte Hezi2de enpresa sortzea erabaki zuten. “Tailer txiki bateko bulegoan lan egiten nuen eta horrek kontziliatzeko aukera eman zidan. Baina ez nuen nire burua betirako han ikusten eta umeek autonomia eskuratu zutenean, lana aldatzea erabaki nuen. Idoiari elkarrekin zerbait egitea proposatu nion eta Uggasa garapen agentziaren laguntzarekin bideragarritasun plana egin genuen”.
Hezi2de 2016an sortu zuten. Aitzindariak izan ziren eta Berdintasun Plan gehien erregistratu dituztenen artean daude. “Hasieran, zer egiten genuen galdetzen ziguten, zer egiten genuen azaltzen genien eta ez ziguten ulertzen”, oroitu du Aranburuk. Gauzak, zorionez, aldatu egin dira. “Lege arloan garapen handia eman da. Horrek gure bidea baldintzatu du. Onerako, batez ere. Lege gehiago sortu dira eta horietako batzuk oso garrantzitsuak. Horrek eragina izan du gure jardunean. Legediaren garapenak hor harrapatu gaitu”, gehitu du Luzuriagak.
Hezi2dek bitartekari lana egiten du: enpresei eta bestelakoei betebeharrak jartzen dizkie eta Hezi2dek legea betetzen laguntzen die. “Enpresak eta enpresak daude. Batzuk konprometituak dira, beste batzuen helburu bakarra legea betetzea da…”, azaldu du Aranburuk.
Luzuriaga lege horiek onartu aurretik hasi zen berdintasun arloan lan egiten. “Beltzetik zurira pasa gara. Enpresa munduan berdintasuna lantzea oso gogorra da. Legerik eta diru laguntzarik ez zegoen garaian, zaila zen enpresa munduan lan egitea. Gainera, ez zegoen ezagutzarik. Berdintasun planik ez zutela behar esaten zuten, enpresan denak gizonezkoak zirelako. Edo denak emakumezkoak zirelako. Kontziliazio planik ez zutela behar ere esaten zuten, emazteak etxean zeudelako. Ez zegoen kontzientziarik. Gaia sozializatzea ona izan da”.
Aranburuk gutxienez gaia enpresetara eramatea lortu dutela gehitu du. “Gaia mahai gainean jartzea lortu dugu. Enpresetan orain arte ez da berdintasunaz hitz egin. Eta kontziliazioarekiko eta zaintzarekiko sentsibilitate gehiago dago. Horretaz gain, planak garatzea lortzen badugu, hobe».
Ikastetxeetan eta administrazio publikoan ere lan egiten dute. Hezkuntzan atzerapausoa eman dela uste dute. “Hezkidetzaren seme-alabak izan beharko luketenek oso diskurtso atzerakoiak dituzte. Hausnarketa baterako faktoreak ikusten ari gara: ageriko erresistentzia eta indarkeria. Eskuin erradikalaren diskurtsoa normalizatu dute: homofobia, emakumeen aurkako indarkeriaren justifikazioa… Gure saioak lehertzen dituzte batzuetan”.
Administrazio publikoari dagokionez egitura batzuk sortu direla eta aurrekontuak daudela baloratzen dute. “Langileak daude, diagnostikoak egin dira, planak egin dira… Gauza asko egiten dira eta beharbada apur bat gehiago hausnartu behar da”.