Zumarragako Gure Txoko eta El Salvador jubilatuen etxeetako bazkideek ere Martxoaren 8a ospatu dute. Ondare taldeak dantza saioa egin du Euskadi plazan, Mary Francok bakarrizketa egin du eta manifestua irakurri dute. Elkarrekin bazkalduko dute eta 17:00etan elkarteko areto dantza, sevillana eta lineako dantza taldeek ikuskizuna egingo dute Gure Txokon. Aurtengo Martxoaren 8a berezia da beraientzat, adineko emakumeek belaunaldi gazteenen ahalduntzean egindako ekarpena goraipatu eta eskertu nahi baita.
Horra hor irakurri duten manifestua:
“Zuetaz harro. Horixe da Emakunderen lema aurtengo martxoaren 8rako. Ahaldundutako emakume bakoitzaren atzean ahalduntzera bultzatu duen beste emakume bat egon da, jarraitzen du lemak. Eta guk, Gure Txokoko emakumeok, asko dakigu horretaz. Eta badakigu, emakumea izatea zer den dakigulako. Aspalditik gainera, hamarkadak dira hori ezagutu genuenetik, eta gaur egun emakume izateak esan nahi duenarekin eboluzionatu egin dugu.
Gu emakumeak gara, amak batzuk, amonak, amamak eta abuelak beste asko, izebak, lagunak, emazteak, amaginarrebak eta errainak, konfidenteak eta zaintzaileak, konplizeak eta babesleak, eta baita ere berezko eta naturalak, dibertigarriak, bizitzea maite dugunak, langileak eta arduratsuak, jostalariak, solidarioak eta aktiboak ere bagara. Berdintasunaren mezua transmititu dugu eta transmititzen jarraituko dugu, bai gure belaunaldiko emakumeen artean, bai gure ondorengoetan ere. Eta, martxoaren 8 bakoitzean egin dugun bezala, emakume izateko eta feminismoa bizitzeko modu eta era guztiak aldarrikatzen ditugu. Horrekin batera, gure alabei eta bilobei eta gizarte osoari gure mezua helarazten diegu. Hemen gaude eta esateko asko dugu.
Azken urteotan egin dugun bezala, martxoaren 8ko mezua gure elkarte eremutik harago eta handik hona eraman nahi dugu. Badakigu zenbateko garrantzia duen gure esperientzia honek gizarte eta elkarte mugimenduan eta etengabeko ikaskuntzak, batzuenak zein besteenak, lehen lerroan, eredu izanik eta esperientziaren fruituak jasoaz.
Emakume izatearen harrotasun horretan, harro gaude, halaber, gure neska eta gazteei bidean laguntzeaz. Jakinik garai bakoitzak bere zailtasunak eta erronkak dituela, baita abantailak eta aurrerapenak ere. Emakumeok etxeko eremutik lan merkatura ateratzeko eta bi munduak uztartzeko trantsizioari egokitzen jakin dugu. Gure alabak profesionalki garatzen ere lagundu dugu. Eta gazteenentzat ere eredu gara, gure bizitzaren, erabakien eta gure hautaketen jabe izateak duen garrantziaren erakusgarri, eginkizun aktibo, kontziente eta protagonista batetik bizitzako hartu-emanei egokitzeko. Urte emankorrak eta intentsoak izan dira eta izaten ari dira feminismorako, eta gu mugimendu horren parte gara.
Aurtengo martxoaren 8a ere ospatu, parte hartu, gozatu, aldarrikatu, jardun, ekarpenak egin eta goitik behera bizi dugu, eta bai, gutaz harro gauden emakumeak gara”.