Koplatan ari diren bertsolarietako batek poto egin du, eta publikoa piztu egin da. Ezer ez da ohikoa saio horretan: plazan kantatu ohi ez dutenek ere kantatzen dute, entzuleen artean dauden askok ez dute bertsolaritza jarraitzen, eta taberna dute plaza. Ez dago isiltasunik bertsolariak bertsoa pentsatzeko hartzen duen tartean: marmarrak dira nagusi. Gisa horretakoak izaten dira Zumarraga-Urretxuko ZU Bertsotan bertso eskolak antolatutako Martxoan Bertsoa zikloko saioak. 22. aldia du aurtengoak, eta hiru saio jokatu dira dagoeneko.
Lehiaketa ez zen abiatu zoriz. Izan ere, Gorka Azkarate Zumarraga-Urretxuko bertso eskolako arduradun ohiak Martxoan Bertsoari buruz egindako BertsoaZUztartuz dokumentalean zioen bi herriotan bazegoela bertsozaletasuna, baina baserri giroko festetan. Horregatik, kalera ere zabaltzeko asmoz, taberna giroan kokatutako txapelketa herrikoi bat sortu zuten.
Aurten, 27 bertsolarik eman dute izena, hiruko bederatzi taldetan banatuta. Parte hartzaile kopuruarekin «gustura» daudela esan du Mikel Iturriotz bertso eskolako egungo kide eta antolatzaileetako batek. «Parte hartzaileen bila ere ibili behar izaten dugu. Gazteak erakartzea izaten da lanik zailena». Otsailaren 23an jokatu zen lehen kanporaketa, Urretxuko Soraluze tabernan; bigarrena, martxoaren 1ean, Urretxuko Fox tabernan, eta hirugarrena, joan den ostiralean, Zumarragako Urola tabernan. Martxoaren 23an jokatuko da finala, 19:30ean, Urretxuko gaztetxean, eta saio bakoitzeko talde irabazleak lehiatuko dira; Oso Zoroa —Manex Mantxola, Amaia Iturriotz eta Mattin Aranburu—, Bertso Olariak —Jone Narbaiza, Lierni Ugarte eta Ane Beloki— eta Botxan Magoa —Arkaitz Aizpuru, Mikel Salaberria eta Mikel Iturriotz— taldeak, hain zuzen ere.
Antzuolarrak lehenengoz
Urretxu, Zumarraga, Beasain eta Legazpikoak izaten dira partaide gehienak, baina badu berritasunik aurtengo aldiak. Izan ere, aurrenekoz kantatuko dute antzuolarrek. Bertakoa da Jon Mata, GI-632 taldeko kidea, eta kontatu du Iturriotzek egin ziela gonbita: «Bertso bazkari batean topo egin nuen Mikelekin, eta erdi brometan esan nion antzuolarrok talde bat atera behar genuela. Duela hilabete batzuk serioski egin ziguten gonbita, eta horrela animatu gara herriko bertso eskolako hiru kide». Iaz osatu zuten Antzuolako bertso eskola, eta, oraingoz, lauzpabost dira entrenatzen direnak.
«Plaza ona da Martxoan Bertsoa, ez baita plaza serioa, eta botatakoak botata ere publikoak esker onez erantzuten baitu».
JON MATA Martxoan Bertsoako parte hartzailea
Matak uste du Martxoan Bertsoa eta halako «txapelketa informalak» baliagarriak direla bertsoa zabaltzeko. «Jende batek asko lotzen du bertsolaritza giro serioarekin. Herriz herriko halako formatu informalak erakargarriagoak dira bertsolaritzari horrenbeste erreparatzen ez dion batentzat edo txapelketako saio luzeak gustatzen ez zaizkion batentzat». Are, soilik entzule izan beharrean bertsolari izaten hasteko ere laguntzen duela uste du. «Plaza ona da Martxoan Bertsoa, ez baita plaza serioa, eta botatakoak botata ere publikoak esker onez erantzuten baitu. Jai giro handia egoten da».
Bertso musikatuak
Antzerki bat eta bertso musikatuen saio bat ere antolatu ditu ZU Bertsotan bertso eskolak Martxoan Bertsoa zikloaren barruan. Martxoaren 15ean, Ekida Arte Ekimen Sozialistak Plaza hau gurea da antzezlana aurkeztuko du, 19:00etan, Urretxuko Labeaga aretoan. Ekidaren bigarren antzezlana da Plaza hau gurea da, eta satira politikoa eraman dute erdigunera lan horretan.
Finalaren bezperan, martxoaren 22an, bertso musikatuak izango dira, 22:00etan, Urretxuko gaztetxean. Hamar bat bertsolari arituko dira kantari, eta lau musikariren zuzeneko doinuez lagunduta abestuko dute. Aurrez sortutako sortak izango dira, eta entzuleen artean banatuko dituzte bertsook, denen artean kantatu ahal izateko.