Eguzkiñe eta Olatz Romaratezabala txirrindulari zumarragarrak Zatika-Goierri taldean aritzen dira. Igande honetan Beasaingo Igartza Proban parte hartuko dute.
Txirrindularitzan ez da batere arraroa bi anai elkarrekin aritzea. Lejarreta, Indurain edo Izagirre anaiak, horren adibide. Geroz eta emakume gehiago dira bizikletan ibiltzen direnak eta, hala, dagoeneko badira bizikletan ibiltzen diren ahizpak. Zatika-Goierri taldeko Eguzkiñe eta Olatz Romaratezabala zumarragarrek Beasaingo Igartza Sarian parte hartuko dute igandean.
Eguzkiñe 2007ko abendukoa da eta Olatz 2008ko azarokoa. Hamaika hilabeteko aldea dute, beraz. Zaharrena Batxilergoko lehen maila egiten ari da Goierri Eskolan eta gazteena DBHko laugarren maila Iparragirre institutuan. Eguzkiñek “jende berria ezagutzeko” erabaki zuen Batxilergoa herritik kanpo egitea eta Olatzek ere ikasketak herritik kanpo jarraitzeko asmoa du, “jende berria ezagutzeko eta esperientzia berriak bizitzeko”. Berak Tolosako Inmaculada ikastetxera joateko asmoa du.
Jendea ezagutzea eta esperientzia berriak bizitzea gustuko dute eta txirrindularitzak horretarako aukera ematen die. Eguzkiñe iaz hasi zen lehiatzen. “Aita [Iñaki] bizikletan ibiltzen da eta gaztetan lasterketetan parte hartu zuen. Ni duela hiru urte hasi nintzen bizikletan ibiltzen eta iaz lasterketetan parte hartzen hasi nintzen. Espero baino hobeto ibili nintzen, pixkanaka hobetzen joan bainintzen. Hasieran tropelean joateari beldurra nion. Tentsio handia egoten da, baina orain ondo moldatzen naiz”.
Olatz ez zen aita eta ahizpa bezain bizikleta zalea, baina bera ere zaletu egin da azkenean. “Ahizparen lasterketetara joaten ginenean, giroa gustatu egin zitzaidan. Lasterketen ondoren ahizparen bizikleta hartzen hasi nintzen eta, azkenean, nik ere lasterketetan parte hartzea erabaki dut”.
Bere ahizparen aholkuak lagungarriak zaizkio. “Ahizpa ordekan ondo ibiltzen da eta garapen gogorregia eramateko ohitura zuen. Biguinagoa erabiltzeko esan nion. Tropelean ibiltzen ere ikasi behar izan du”.
Zaharrenak junior mailan parte hartzen du eta gazteenak kadeteetan. Errenterian (Gipuzkoa), sasoiko lehen lasterketan, bi mailak elkarrekin aritu ziren. Olatzen lehen lasterketa izan zen eta 15. postuan sailkatu zen. Bigarren lasterketa Nojan (Espainia) izan zuten, martxoaren 3an. Espainiako Kopako proba izan zen eta Eguzkiñe junior mailakoekin aritu zen eta Olatz kadete mailakoekin.
Zaharrenari ibilbide aldapatsuak gustatzen zaizkio eta gazteenari, berriz, lauak. “Olatz haizea egiten duenean ere ondo moldatzen da”, dio Eguzkiñek.
Zatika-Goierri taldeko herritar bakarrak dira. “Herrian bertan taldea edukitzea oso positiboa da. Oso giro ona dugu”, diote. Goierriko taldekideak badituzte: Oneka Sanchez beasaindarra, Arene Perez mutiloarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra.
Beraien helburua Gipuzkoako eta Euskadiko selekzioan aritzeko hautatuak izatea da. “Gipuzkoako selekzioak Frantziako lasterketetan parte hartzen du”.
Aitaren laguntza dute, noski. “Batzuetan berarekin egiten dugu entrenamendua. Gu lasaitzen saiatzen da, arnasa ondo hartzen irakasten digu… Hasieran gurasoek ez zuten guk lasterketetan parte hartzea nahi, beldurra ematen baitzien, baina beraien babes osoa dugu”.
Hurrengo lasterketa igandean dute, Beasainen. Ilusio handia egiten die, etxe ondoan baita. Proba gogo handiz prestatzen ari dira eta dagoeneko hainbat aldiz egin dute ibilbidea.
Igartza Saria: Espainiako Kopako proba Beasainen
Romaratezabala ahizpek Beasaingo Igartza Emakumeen Sarian parte hartuko dute igande honetan. Zatika-Goierri taldean beste hiru goierritar daude: Oneka Sanchez beasaindarra, Arene Perez mutiloarra eta Lur Zufiria ormaiztegiarra.
Loinaz Txirrindulari elkarteak 23,4 kilometroko ibilbidea prestatu du. Txirrindulariak Beasaindik Ormaiztegira joango dira. Lierni igo ondoren, Mutilora jaitsiko dira eta Olaberrira igoko dira Ihurretik. Bukatzeko, Beasainera itzuliko dira Lazkaotik.
Kadete mailako txirrindulariak itzuli bakarra egingo dute, junior eta master mailakoek bi itzuli egingo dituzte (48,1 kilometro) eta 23 urte azpikoek eta Elite mailakoek hiru (73 kilometro).
Junior eta master mailako txirrindulariak 09:00etan abiatuko dira Nafarroa etorbidetik eta 10:15ak aldera helduko dira helmugara. 23 urte azpikoak eta elite mailakoak 10:45ean abiatuko dira eta irabazlea 12:40ak aldera helduko da helmugara. Bukatzeko, kadete mailakoak 13:15ean abiatuko dira eta irabazlea 13:50ak aldera iritsiko da helmugara.