Zumarragan azkenaldian egiten ari diren obrei so, gauza batzuk oharkabean pasatzen dira, baina beste batzuk deigarriak dira. Denak beharrezkoak direla dirudi, baina herritarren artean iritzi ezberdinak daude.
Jai-Alai kalea oinezkoentzat erosoagoa egiteko obrari buruz ari naiz. Lehen oinezkoek (haurrak daramatzaten amak, ezgaitasuna duten pertsonak, Zelai Arizti aretora doazenak…) zailtasunak zituzten. Egun ordenatuagoa dago, baina auto gidariek dituzte zailtasunak: 20 kilometro orduko abiadan joan daiteke, baina 10ean joan behar da. Izan ere, ezkerraldean apenas dago espaloirik eta zamalanetarako ibilgailuentzako tokia dago, baina partikularrek beraien autoak aparkatzen dituzte bertan. Denbora luzez, gainera.
Bestalde, Zelai Ariztiko aparkalekura bertatik joan behar da derrigor eta ez da erosoa, bidea oso estua baita. Gainera, oinezkoek ezin dute ezkerraldeko erakusleihoa begiratu. Egun, lokal horretan ez dago dendarik, baina erakusleihora gerturatzeko zailtasunak lokal hori alokatzea zailtzen du.
Ez da arkitekturan edo hirigintzan aditua izan behar arazoa lehen jardinera dela ikusteko: autoak eta furgonetak erakusleiho aldera bideratzen ditu eta oinezkoak bertara gerturatzea ezinezko egiten du. Nork hartu zuen jardinera bertan jartzeko erabakia? Teknikoek ala politikoek? Ez naiz aditua, baina arazoa jardinera kenduz konponduko litzatekeela uste dut.
Herritarren iruzkinek eta udaletxera bidali nuen idatziak ez duela erantzunik jaso ikusteak bultzatu naute idatzi hau komunikabideetara bidaltzera. Otsailaren 7an idatzi bat bidali nuen udaletxera, gerta zitekeena azalduz eta horren inguruko araudia edo ordenantza eskatuz. Oraindik ez dut erantzunik jaso. Hori da udal honen jarrera.
Pello Gartziandia. Zumarraga