Hamar edizio antolatu dira eta guztietan parte hartu dute. Hilaren 27ko finalean Alex Fernandezek txapa botako du eta Jon Zufiaurrek ohorezko sakea egingo du.
Hilaren 27an Zumarragako pilota txapelketa herrikoiko finalak jokatuko dira. Aurtengoa 10. edizioa da eta bi pelotarik bakarrik parte hartu dute edizio guztietan: Jon Zufiaurre eta Alex Fernandez urretxuarrek. Hori dela eta, finalean omendu egingo dituzte. Fernandezek txapa botako du eta Zufiaurrek ohorezko sakea egingo du.
Fernandez 1982an jaio zen. Betidanik da pilota zalea. “Txikitan hasi nintzen pilotan. Aitona, Emilio fruteroa, pilota zalea zen eta aita ere bai. Aitona errioxarra zen, Soto en Cameros (Espainia) herrikoa, eta Titin zalea. Gaztetan pilotan jokatu zuen. Kamioiarekin fruta saltzera joaten zirenean, pilota eramaten zuten eta pilotan jokatzen zuten: Bergaran (Gipuzkoa), Soraluzen (Gipuzkoa)…”.
Hala, ez da harritzekoa bera ere pilota zalea izatea. “Urretxuko pilota eskolan jokatu nuen Aritz Lasarekin, Oier Zabalarekin… 21 urterekin utzi nuen, tailerrean lanean hasi nintzenean. Urte batzuetan ez nuen pilotan jokatu. Zumarragako pilota txapelketa herrikoia antolatzen hasi zirenean anaiak [Mikel] eta biok berriro pilotan jokatzeko aukera ikusi genuen eta parte hartzea erabaki genuen”.
Lehen edizioetan anaiarekin jokatu zuen. Anaiak pilota utzi zuenean (egun, korrika egiten du), Cesar Ballinarekin jokatu zuen. Azken urteetan Julen Etxeberria ezkiotarrarekin jokatu du.
Zufiaurre 1965ean jaio zen. Bera ere umetatik da pilota zalea. “Mutikotan, Gabonetan antolatzen zen txapelketan eta La Salle-Legazpi ikastetxeko txapelketan parte hartzen nuen. Ondoren, Alemanekin, Kalilirekin eta hauekin gure kabuz aritu ginen. Igandero jokatzen genuen, Gabirian batez ere”.
Zumarragako txapelketa herrikoiaren berri izan zuenean, parte hartzea erabaki zuen. “Lehen edizioetan Jon Antzizarrekin parte hartu nuen. Ondoren, Joxe Alemanekin. Aurten, berriz, semearekin [Oier]. Ohorea izan da semearekin jokatzea”.
Biek bikotekide guztiekin asko gozatu dutela diote. “Astero pilotalekura etortzea gauza polita da: urduritasuna, giroa…”, dio Zufiaurrek. Fernandez iritzi berekoa da. “Urtero, Gabonen ondoren pilotan jokatuko dugula dakigu. Txapelketa honek xarma du. Ilusioa egiten du Aste Santura arte txapelketa izango duzula jakiteak. Motibagarria da. Gainera, oso giro polita egoten da”.
Txapelketak bultzatuta, bospasei hilabete ematen dituzte pilotan jokatzen: lehenengoak txapelketa prestatzen eta ondorengoak txapelketako partidak jokatzen.
Zufiaurre atzelaria da eta Fernandez aurrelaria. “Alex oso aurrelari ona da, teknikoa. Efektua ematen dio pilotari”, aipatu du Zufiaurrek. “Jonen aurka jokatzen duzunean, badakizu izerdia bota beharko duzula. Denak eramaten ditu. Eta suhiltzailearekin [Antzizar] jokatzen zuenean… egoskorra zen gizona. Ez zuen tanto bakar bat galtzen”.
Zufiaurrek 59 urte beteko ditu aurten. Azken urteetan bera izan da txapelketako beteranoena. Bere burua ondo ikusten du oraindik. “Aurten beldurra nuen, baina nire burua ondo ikusi dut. Beharbada datorren urtean ere parte hartuko dut”, azaldu du.
Fernandezek adinak ez duela barkatzen dio. “Eskuek eta gorputzak uzten didaten bitartean, jarraitu egingo dut. Pilota oso kirol polita da. Asko ematen dizu. Baina belauna hautsi nuen eskiatzen ari nintzela eta operatuta dut. Eta eskuek geroz eta gutxiago agoantatzen dute, geroz eta gehiago kostatzen da gorputza berotzea…”.
Txapelketako antolatzaileek omendu egingo dituzte, beraien fideltasunagatik. “Jonen eta bere semearen aurka jokatu genuenean, Iñigo Viana antolatzaileari Jon omendu beharko zutela esan nion, urtero parte hartzen duelako. Eta Vianak nik ere urtero parte hartu dudala esan zidan!”.
Biek txapelketan bizi den giro ona azpimarratu nahi dute. Txapelketaren amaieran afari bat egiten dute.
Bestalde, antolatzaileen lana goraipatu dute. “Ezkion bizi naiz eta han ere txapelketa antolatzen dugu. Lehenengo urtea zailena izaten da eta Iñigo Vianak ikaragarri lagundu zidan: kartelak egiten, kamisetak egiten…”, aipatu du Fernandezek. “Zumarragako txapelketa oso ondo antolatuta dago”, gehitu du Zufiaurrek. “Txapelketan oso gustura sentitzen zara. Pilotaria ondo tratatzen dute, pilotak ondo daude, aldagelak ere bai, dena ondo al dagoen galdetzen dizute… Iñigo eta Josu Viana fenomenoak dira”, amaitu du Fernandezek.