Senitartekoek eta lagunek ‘Haritz baten memoria’ dokumentala prestatu dute. Omenaldi ekitaldia Urretxuko Labeaga aretoan izango da, 12:00etan.
Haritz Berasategiren senitarteko eta lagunek bere bizitzari buruzko dokumentala prestatu dute. Igande honetan emango dute, 12:00etan, Labeaga aretoan. Argazki albumak ere izango dira bertan, familia eta lagunen artean banatzeko. Haritz gogoratuko dute, bere heriotzaren urtemugan.
Dokumentalaren harira, Haritzi buruzko testu bat prestatu dute. Haritzek bi familia zituela gogoratu dute: etxekoa eta kalekoa. “Seme, iloba, biloba, lehengusu ahaide, kide, lankide eta laguna. Hori da gogoratu nahi dugun Haritz”.
Balore sendoko eta sentsibilitate handiko pertsona zela azpimarratu dute. “Amets egiten zuen, baina ez horrekin konforme, ez zuen nekerik sinesten zuen horren alde ekiteko. Izan politikan, gai sozialetan, kulturan, musikan, komunikazioan edo parrandan, zaila da Haritzek busti ez zuen lurrik topatzea”.
Injeniaria ikasketez, komunikaziora bideratu zuen gogoa Haritzek, Gattiken komunikazio kooperatiba sortuz. Jardun horretan aritu aurretik, bikoizketa produkzio etxe batean aritu zen lanean. Gaztetxeko zerbitzari ere izan zen. “Guzti horiek, KKinzona irratiko esatari, gai askotarako edukien diseinatzaile, DJ, kontzertuetako soinu teknikari, pilotari, frontenislari, futbolari, eta -lari askorekin uztartu zituen. Umorea, begirunea, gertutasuna eta gaitasuna, udaberriak ereiten zituen Haritzek, uneak bizi eta partekatzen. Eta hori gogoratu nahi dugu, bizi izan zela, gure ondoan bizi izan zela, eta gogoratze hori aldarrikatu nahi dugu”.
Izan ere, arrastoa utzi zuen. “Badira pertsonak, isil-isilik, itzaletik, besteen alde egiten dutenak. Eta besteen alde diogu, zerbaiten alde baino, norbaiten alde egiten baitzuen Haritzek, edo norbaitzuen alde. Sarri, lan egite hori, besarkada bat, ordu txikitan partekaturiko konfesio bat, barre algara bat, mezu bat, elkarrekin argitara jauzitako amets bat, hamarreko handian kantaturiko konspirazio bat edota ostegunero etxean gozaturiko patata tortilla bat delako. Historia handia, letra larriz idazten den hori, istorio txiki askoz osatua dago; mundu handia mundu txiki askoz osatua dagoen bezala. Nahikoa da mundu txiki horietako bat aldatzea, bihar mundu handi eta helduezin hori desberdin esna dadin. Haritzek mundu txiki horiek astintzen eta goxatzen zituen, aldatzen eta josten, eragiten eta maitatzen. Haritzek ez zituen arazoak planteatzen, nahiago zuen irtenbideez hitz egin; entzuten eta aholkatzen zekien; trago bat partekatzen eta eztabaidan jarraitzen; barre eragiten eta barre egiten; laguntzen, beste ezeren gainetik, laguntzen ondo baitzekien”.
Beraien esanetan, Berasategik bezala, egunerokoa hobetzeko lan egiten duten pertsona xumeak dira mundua hobeagoa egiten dutenak. “Seme-alabak, gurasoak, lehengusuak, izeba-osabak, aitona-amonak, lagunak, okinak, tabernariak, musikariak, aktoreak edota irakasleak. Pertsona arrunton bizitzak ez dira historia liburuetan idazten, baina pertsona horiek dira ingurukoon argi eta bide. Horiek gogoratuko ditugu bihar, eta horiek botako ditugu faltan neguaren hotzean”.
Igandeko ekitaldiko helburuetako bat “pertsona normalak” aldarrikatzea izango, da hain zuzen ere. “Aldarrikatu dezagun guretzat garrantzitsu izan diren pertsona horien lorratza. Halakoak gertatzen direnean, mundua azkarregi hasten da berriro bueltaka eta aldarrika dezagun tren geltoki zahar hori, pentsatzeko astia emango digun geldiune hori, aldarrika dezagun negar egin nahia eta mina, aldarrikatu dezagun mina, min ematen badu, garrantzitsua izan denaren seinale baita. Hala esan zuen Piedad Bonnett idazleak: ez dela istoriorik kontatzen ez duen orbanik. Aldarrikatu ditzagun orbanak, gure iraganaz eta bizitakoaz mintzo baitira”.
Herritarrak igandeko ekitaldira gonbidatu dituzte. “Haritz baten memoria izendatu dugun dokumental hau, Haritzek utzitako hutsunearen mina elkarrekin goxatzeko ariketa bat izan da. Bere bi familiak elkartu, eta bere oroitzapenak elkarri kontatzeko une bat. Izan ere, pertsona bat, berak utzitako oroitzapenen multzoa ere bada eta, eta Haritzek, oroitzapen asko landatu zituen ingurukoen bihotzetan. Eta hori da udaberria; lorez betetako zelai bat. Eta hori zen Haritz. Udaberri bat”.