Maiatzaren 25ean egingo dute, Gernikako Arbola plazan
Atzo arratsaldean Xabier Ormazabal Mendi Festa aurkeztu zuten Urretxuko kultur etxean. Festa maiatzaren 25ean egingo dute, Gernikako Arbola plazan. Beti bezala, Euskal Herriko alpinista eta eskalatzaile onenek parte hartuko dute. Berrikuntzetako bat Eroski gaineko terrazatik behera jarriko duten tirolina izango da.
Aurkezpen ekitaldian Maialen Fidalgo zinegotziak eta Andoni Ormazabal antolatzaileak parte hartu zuten. Fidalgok lehen ekitaldia 2017an antolatu zela eta ordutik festa handitu, eraldatu eta egonkortu egin dela esan zuen. “Garrantzitsuena Xabier Ormazabal beka da, baina bekaren osagarri bezala jaio zen festa oso egun polita bilakatu da: elkartzeko eta ondo pasatzeko eguna”.
Aurtengo festa maiatzaren 25ean izango da, Gernikako Arbola plazan. 11:00etan hasiko da eta gauerdira arte luzatuko da. Ormazabalek eman zuen egitarauaren berri. Aurten ekitaldi guztiak plazan egingo direla azpimarratu zuen. “Pantaila bat jarriko dugu plazan eta, horrela, ez dugu areto batera sartu beharrik izango. Eskerrak eman nahi dizkiot Urretxuko Udalari, bere laguntzagatik”.
Goizeko protagonistak haurrak eta gazteak izango dira. Boulder bat jarriko dute plazan eta bertan eskalatu ahal izango dute, 11:00etatik aurrera. Tirolina ere jarriko dute, adin guztikoentzat. Gainera, tailerrak egongo dira: margotzeko, natura ezagutzeko… Duela bi urteko arrakasta ikusita, aurten ere tonbola jarriko dute. Bi-Tartean merkatari elkarteak eta kirol markek emandako produktuak oparituko dituzte.
Eguerdian, denek elkarrekin bazkalduko dute plazan bertan. Ondoren, 18:00etan, eskalada eskolen arteko desafioa egingo dute. “Eskalatzen hasten garen tokikoak sentitzen gara. Tribu txikiak sortzen dira. Hemengook, adibidez, Araotzekoak gara”, azaldu zuen Ormazabalek. Desafioan lau eskoletako eskalatzaileak elkarren artean lehiatuko dira. Eskola bakoitzak herrialde bat ordezkatuko du: Nafarroako Etxauri, Bizkaiko Atxarte, Arabako Kanpezu-Egino eta Gipuzkoako Araotz. Talde bakoitzean bi neska eta bi mutil arituko dira. “Goi mailako eskalatzaileak etorriko dira. Euskal Herria erreferentea da”.
Ondoren, parte hartzaileen artean materiala zozkatuko dute eta bildutakoek lasai egoteko eta elkarrekin hitz egiteko aukera izango dute. “Amak patata tortillak egingo ditu denontzat”, esan zuen Ormazabalek.
20:30eak baino lehenxeago, Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen berri emango da. Bost proiektu aurkeztu dira eta bost parte hartzaileak Gernikako Arbola plazan izango dira. Bertan jakingo dute beka irabazi duten edo ez. “Beka deialdian 24 urtetik beherakoek bakarrik parte har dezakete. Horrek gure lana zailtzen du, baina polita da, gazteei lehen pausoak emateko aukera eskaintzen baitiegu”. Orain arteko hiru deialdietako irabazleak Iker Madoz, Ander Zabaltza eta Maialen Rojo izan dira.
Beka nori emango dioten ezagutzera eman ondoren, 20:30ean, emanaldiak hasiko dira. Jon Plazaola aktore urretxuarrak bakarrizketa bat egingo du eta ondoren Marc Toraller eta Bru Brusonek Anima de Corall dokumentala aurkeztuko dute eta Nico Favresse eta Sean Villanuevak Riders on the storm dokumentala. Biek Urrezko Pioleta sari ospetsua irabazi dute. Lehenengo dokumentalean Perun egindako espedizio baten berri ematen da eta bigarrenean Paine dorreetan egindako eskalada batena. Bide hori 1991n ireki zen eta beraiek izan dira egiturarik gabe igo duten lehenak. Horregatik, eta Fabresse eta Villanueva Belgikatik etorriko direlako, Xabier Ormazabal Mendi Festaren aurtengo kartelean Paine dorreak ageri dira.
Bukatzeko, liburu bat ere aurkeztuko da. Karlos Txapel Aretxabaletak Sua argitaletxearekin argitaratu duen Izarrak eta haitzak. Aretxabaletak Euskal Herriko alpinista eta eskalatzaile onenekin hitz egin du eta solasaldiak liburuan bildu ditu. Liburu horren salmentaren bitartez lortutako irabaziak SOS Himalaya Fundazioari emango dizkio.