Zumarragako EH Bilduk udal gobernuak obrak ez dituela ondo kudeatu eta 200 aparkaleku baino gehiago kendu dituela salatu du
Zumarragako EH Bilduk udal gobernua (PSE-EE) obrak gaizki ari dela kudeatzen salatu du. Baita komunikazioa falta dela eta 200 aparkaleku baino gehiago kendu dituela ere. Horra hor EH Bilduk komunikabideetara bidalitako prentsa oharra.
“Irisgarritasun handiagoa, hirigunea suspertzea edo mugikortasun iraunkorragoa bilatzen duela suposatzen duen edozein obra publikok eragozpenak eta afekzioak sortzen dituela beti onartzen den zerbait da. Hala ere, Zumarragan obra askoren kudeaketak berdin gogaitzen eta haserretzen ditu gidariak, oinezkoak eta, oro har, herritarrak; bai obrak egin aurretik, bitartean eta ondoren.
Proiektuen kudeaketa eskasa, herritarrekiko komunikazio txarra eta ondorioen aurreikuspen falta kezkagarria dira ohiko modus operandia, eta emaitzak, zalantzan jartzeko modukoak dira gutxienez. Adibide batzuk jartzearren:
Jai Alai: Jai Alaiko lanak aldez aurretik bizilagunei abisatu gabe hasi ziren eta bukatu eta gero, badirudi kamioiek eta garraiolariek zailtasun handiak dituztela bertatik igarotzeko; zeinetan Soraluze itxi ondoren, nabarmen handitu den zirkulazioa. Segurtasuna, oinezkoen irisgarritasuna, aurreikusitako bizikletentzat bidea, ibilgailuen trafikoaren aztarna minimizatzea edo ibilgailuetarako sarbide mugatua ez dirudi betetzen ari denik.
Azoka, Euskadi plaza eta Soraluze: Azokako arkupeen itxiera eta irekierekin batera, inkomunikazioa eta informazio falta etengabeak izan dira; eta Euskadi plazan hautsitako baldosen kopurua ikaragarria izaten ari da. Inguruneak bizitasuna irabazi du, baina berdegune, itzal eta zuhaitzik eza benetako akatsa izan dela uste dugu.
G1-2632 bulebarizazioaren bigarren fasea: Fase hau garatu den moduan, bi arrisku gune nabarmentzen dira: auzotik errepiderako ibilgailuen irteeran ikuspen faltagatik eta errepide ondoko aparkalekuetan. Aparkatzean, eginda dagoen bezala, benetako arriskua da ibilgailuen abiadura asko moteltzen ez bada.
Secundino Esnaolaren atzealdea berriz urbanizatzea: Secundino Esnaolaren atzeko aldean egindako obrek kalte handiak eragin dizkiete zenbait ataritako bizilagunei. Informazio eta komunikazio falta sentitu dute obraren prozesuan zehar, eta bere gain hartu behar izan dute a posteriori lanaren zati baten kostua.
Herritarren aldetik jaso eta batzordeetara eraman ditugun kexetako batzuk dira. Gainera, badakigu udalera kexa, bilera eskaera eta proposamen ugari iristen ari direla, baina erantzunik eta komunikaziorik eza etengabe ari dira gertatzen. Guk bat egiten ez dugun egiteko modu bat.
200 aparkaleku baino gehiago kendu dira
Gauza jakina zen egindako obrek aparkaleku plazak kenduko zituztela eta arazo larria sortuko zutela. Hala ere, ikusten ari garenez, aurreikuspen falta handia egon da eta, are okerrago, ez dirudi inolako konponbiderik planteatzen denik. Guk, duela aste batzuk, bilera bat eskatu genuen udaltzainburuarekin eta alkatearekin, geroz eta handiagoa bihurtzen ari den arazoa konpontzen saiatzeko. Hala ere, ez dugu erantzunik jaso. Kendutako aparkalekuen kopuruari buruzko informazioa ere eskatu dugu, baina ez digute jakinarazi. Gure kalkuluen arabera, 200 aparkalekutik gora kendu dira.
Gure konpromisoa: hiru hilabetetan, konponbideak jasoko dituen proposamena.
Alkatearen aldetik aparkaleku faltaren gaiari irtenbide bat emateko elkarlanerako proposamenaren inguruan erantzunik jaso ez dugula ikusita, zumarragarren aurrean honako konpromisoa hartzen dugu: bizilagunekin prozesu bat hastea, elkarlanean aparkaleku faltari erantzuteko proposamen bat egitea eta hiru hilabeteko epean udaletxean aurkeztea.
Zum(h)itzak aldizkariaren lehen alearen banaketa
Azkenik, gure aldizkaria etxez-etxe banatzen hasi gara, eta laster iritsiko da Zumarragako etxe guztietara.