ZUbertsotan bertso eskolaren katearekin jarraituz, hona Jon Aztiria Irizarrek jarritako 'Para Joncito' bost bertsoko sorta.
- Egilea: Jon Aztiria Irizar
- Gaia: ‘Para Joncito‘
- Doinua: Sentimendua sartu zitzaidan
Oholtza gainean, zuei abestera
ez naiz bakarrik etorri
Nahiz hemen inork ezagutzen ez don
kantatu nahi diot berorri
Sekretu gisa gordetzen dut ta
kontatu gabe inorri
Bizi ditudan uholde guztiek
bera baitute jatorri
Beti nirekin, non nahi dagoen
barneko haur txiki horri
Kanpo futbolen jolas ta jolas
barrua zun bero bero
Atotxan sartzen zen bakoitzean
bihurtzen zen bera ero
Zirrara hori, bere barnean
mantentzen duen ezkero
Ondo dagoen, zer behar duen
galdetzen diot gauero
Begien distira manten dezadan
goizean jaiki ta gero
Gaurko aukera irten zenean
piztu zitzaidan nei harra
Haur txiki horrek hona irtetzeko
azaldu zuen beharra
Bera zaintzeko ardura hortatik
bildua nuen indarra
Gai raro hauek abestuz hemen
nahiz igual naizen bakarra
Sostengatzeko lotsa badakit
hemen dagola Jon zaharra
Beldurrek ito (eg)iten ninduten
nahiz ez izan beldurtia
Bakardadea beti hor zegon
nahiz ez izan bakartia
Ezin lo hartu egoten nintzen
konpondu nahirik guztia
Gau luze haietan hasia nintzen
ezagutzen angustia
Iluntasuna ikuskatzean
hasi nuen terapia
Gau ilunetan umea zainduta
erakutsiz maitasuna
Jaiki ostean leihotik be(g)ira
berriz altxa da eguna
Umeak badu irri gogoa
loratzen da poztasuna
goxo onartu ta ulertzea
baita berak behar duna
Gozatu gauaz, zaintzera noa
nire barruko kuttuna