Javier Betegik (Urretxu, 1963) Aldapa taberna utzi eta erretiroa hartu du. Bizitza osoa eman du ostalaritzan. Antzuolako jubilatuen egoitzan eta Aldapan eman ditu urte gehien.
Non hasi zinen lanean?
Ikastea sekula ez zait gustatu eta 14 urterekin ostalaritzan hasi nintzen lanean. Lehenengo lana Getarian (Gipuzkoa) izan zen, Politena tabernan, udako bi hilabetetan. Hurrengo urtean Orion (Gipuzkoa) lan egin nuen, Itsas-Gain tabernan. 18 urte bete nituen arte ostalaritzan lan egin nuen. 18 urterekin gauza asko nahi dituzu eta ostalaritza utzi nuen eta Bengolea zerrategian hasi nintzen. Zortzi urte egin nituen bertan. Baina ni ostalaria naiz. Umetatik oso argi nuen zer egin nahi nuen. Jendearekin harremana, komunikazioa… gustatzen zaizkit. Ostalaritzan oso jende ezberdina ezagutzen duzu. Gainera, familian ostalaritzan lan egin duen jendea egon da nire aurretik. Bai Mendizabal baserrikoen aldetik eta bai Behibakar baserrikoen aldetik. Nire aita Behibakar baserrikoa zen eta ama Mendizabalekoa. Ni Mendizabalen jaio nintzen.
Bengolea utzi eta ostalaritzara itzuli zinela esan duzu. Nora?
Antzuolako (Gipuzkoa) jubilatuen egoitzako taberna hartu nuen. Gazteekin eta adinekoekin lan egiten nuen. Oso gustura egon nintzen Antzuolan. Oso ondo hartu ninduten. Oraindik harremana dut Antzuolako jendearekin. Oso jende jatorra da.
Zergatik erabaki zenuen Antzuola utzi eta Urretxura itzultzea?
Ni Antzuolan geldituko nintzateke, baina nire emaztea izandakoak, Lolik, Urretxura etortzea komeni zitzaigula esaten zuen. Izan ere, hemen bizi ginen. Urretxun ere oso gustura egon naiz. Hori bai, hau handiagoa da eta hemen gehiago toreatu behar da.
Antzuola ez duzu saltzeko.
Nire birramona Antzuolakoa zela uste dut. Arbola bat gara. Badago zerbait… Energia… Ez dakit.
Antzuolatik etorri zinenean, Aldapa taberna ireki zenuen. Zergatik?
Toki polita da. Herriaren erdian dago eta aukera handiak ematen ditu: arkupea du, terraza jarri daiteke… Loliri eta bioi gustatu zitzaigun, noski. 1999an ireki genuen.
Nolakoak izan dira 25 urte hauek?
Onak, baina une gogorrak ere egon dira. Dena den, bizimodua duzunarekin egin behar duzu. Nire ustez, beti izan naiz gogorra. Horrela irakatsi didate. Hezkuntzak, gurasoek eta ingurukoek nola lan egin duten… eragin handia du. Eta hori baserritik datorren gauza da.
Baserrian jaioa zara, baina kalera jaitsi zinen.
Dena gustatzen zait. Egun, baserrian bizi naiz. Agiñako Urdanbideta baserrian. Oso gustura nago. Mendia eta baserria gustatu egiten zaizkit, baina baserritik bizitzea beste kontu bat da. Asko gustatu behar zaizu. Lotura handia da.
Ostalaritza ere lotua da.
Urte asko eman ditut eta uzteko unea heldu da. Hemendik aurrera, ahal badut, bizi egingo naiz. Ez dut asmo berezirik. Inoiz ez dut behar berezirik izan. Bizi, besterik ez dut nahi. Zer gehiago behar da, ba?
Asko aldatu al da ostalaritza zu hasi zinenetik?
Bai. Egun, beste era batera lan egiten da. Eta batzuk, ordaindu behar dutelako, denetik eska dezaketela uste dute. Eta hori ez da horrela.
Aldapa tabernak zabalik jarraitzen du. Zer esango zenuke erreleboa hartu dutenez?
Ilusio handia dute. Ostalaritza asko aldatu da eta hauek prestatuta daude. Ni nekatuta nago eta horregatik ez naiz garai berrietara egokitzen saiatu. Lekukoa hartu dutenak gazteak dira eta beste indar bat dute. 30 urte nituenean, beraiek bezala nengoen: topera!
25 urte hauetan Aldapa tabernako bezero izan dituzunei zer esango zenieke?
Lehenik eta behin, eskerrak eman. Beste alde batetik, bizikidetzan beti egoten dira gauza onak eta gauza ez horren onak. Gaizki egindakoa barkatzeko, zer esango diet ba! Eta segi dezatela ahal bezain ondo bizitzen!