Anne Pascual zumarragarrak eta Millan Oregi durangarrak esperientzia berritzaile bat sortu dute txakur terapeutikoekin, nerabeen artean teknologiaren erabilera okerra saihesteko
Anne Pascual Narraspe zumarragarrak eta Millan Oregi Bengoetxea durangarrak, Mondragon Unibertsitateko ikasleak biak, metodo berritzaile bat sortu dute txakur terapeutikoekin, 10-14 urte bitarteko nerabeen artean teknologiaren erabilera okerra saihesteko.
Gailu digitalek eragin nabarmena dute osasunean, bai fisikoki, bai psikologikoki, bai sozialki. Hauek bizitzako etapa guztietan eragiten dute, bereziki gazteen eta haurren artean. Familia askok
egoera horri aurre egin behar izaten ari direnez, LEINNeko (Lidergoa, Ekintzailetza eta Berrikuntza) bi ikasle gazteek metodo bat garatu dute eta Olabide ikastetxean (Gasteiz) Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 25 ikasleko lau geletan praktikan jarri dute. Tailer dinamikoa da eta hausnarketa du oinarri.
Bi astetan lan egin zuten haurrekin, hiru saiotan banatuta. Tailerraren lehen egunean, teknologia gaizki erabiltzearen arriskuei eta naturaren onurei buruz kontzientzea eta aurrez aurreko harremanak sustatzea izan ziren helburu nagusiak. Erabilera egokia egiteko hainbat gomendio ere eman zituzten. Esperientziaren bigarren egunean, txakur terapeutikoen partaidetza izan zuten, haurrek lehen pertsonan esperimenta zitzaten aire zabaleko jardueren onurak. Horrela, harreman pertsonalak eta animaliekiko harremanak sendotu zituzten.
Hirugarren saioa estrategia pertsonalizatuak sortu zituzten, ikasle bakoitzeko bana, ikasgelan zein etxean teknologia ondo erabiltzeko asmoz. “Arazo hori modu integralean konpontzeko funtsezkoa da gazte bakoitzaren familietan ere ildo horretako neurriak hartzea”, diote. Estrategia hori gauzatzeko, brainstorming metodología erabili zen, eta ikasleek beren egunerokotasunerako plan espezifiko bat garatu zuten. Plan horretan zehaztu zuten, besteak beste, zenbat denbora erabiliko duten mugikorra, ze egunetan eta asteko zein momentutan gozatuko duten naturaz eta aurrez aurreko harremanez.
“Gure ustez, herritar bakoitzaren betebeharra da pentsatzea ea pantailak mundura irekitzen
gaituzten leihoak diren edo errealitatetik bereizten gaituzten hormak diren. Izan ere, gazteenek teknologiaren erabilera arduratsua izatea nahi badugu, aldaketa gutako bakoitzaren hausnarketetik sortu behar da”, azaldu dute Pascualek eta Oregik, helduek ereduarekin irakastearen garrantzia azpimarratuz. Proiektu honek Digital Unplug du izena.