Josu Sanchez zumarragarra harrijasotzaile berezia da, Madrilen hasi baitzen kirol hori praktikatzen eta bertan entrenatzen baitu. Lucio Doncelekin entrenatzen du. Prestatzaile honek beste hamar bat harrijasotzailerekin lan egiten du, gehienak Madril ingurukoak, hango gimnasio batean.
Sanchez Zumarragan jaio zen 1985ean eta futbolarekin lotutako produktuak saltzen dituen denda batean lan egiten du. Bere lana dendaren itxura zaintzea da. Crossfita eta powerliftinga egiten ditu eta Doncelek harriak jasotzen ikusi nahi zuela esan zion. “Bizitza osoa Euskal Herrian eman dudala eta ez dudala harri bakar bat jaso erantzun nion, baina azkenean animatu egin nintzen”.
Azaroan Gamiz-Fikan antolatu zuten txapelketa batean parte hartu zuen eta astelehenean Pazko Bigarreneko jaian parte hartuko du, Antion. “Ilusio handia egiten dit, nire gurasoek lehenengoz ikusiko bainaute harriak altxatzen”.
Iñaki Lizarazuren bitartez jaso du gonbidapena. “Iñakik nire lehengusinarekin lan egiten du eta asko animatzen nau. Bere anaia Jexuxi eta Izaskun Arrutiri nire berri eman zien eta Antioko ekitaldian parte hartzea eskaini zidaten”, azaldu du.