Bilbon bizi den Lurdes Larrañaga artista zumarragarrak bere amari eskainitako erakusketa inauguratu du gaur Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketa bere aitak (Joxe Larrañaga) bere amari (Juani Sanz) ateratako argazkietan oinarritua dago. Lurdes Larrañagak, argazki horiek oinarri hartuta, marrazkiak eta grabatuak egin ditu. Joxe Larrañagak bere emazteari argazkiak ateratzeko erabili zuen kamera ere erakusketan ikus daiteke. Lurdes Larrañagak eskerrak eman dizkie bere senarrari, Idoia Bastida lagunari eta Mikel Vazquez kultur etxeko teknikariari, emandako laguntzagatik. Ekitaldian Lurdes Larrañagaren senitarteko eta lagun asko elkartu dira.
Erakusketaren izenburua Bide ertzeko belarrak-Ruderales da. Horra hor artistaren azalpena: “Ruderalak gizakiak eraldatutako eta porlanez beteriko lekuetan hazten diren belarrak dira. Belar ausartak, lekurik utzi ez dieten eta plan batetik kanpo atera diren belarrak dira. Urbanizatutako lekuetan ikus ditzakegu nonahi hazten. Proiektu honen izenburuak gogora ekarri nahi ditu 50. hamarkadatik aurrera bere herri txikiak utzi eta beste herrialdeetara joan behar izan zuten migratzaile andana. Landatik leku industrialetara joan eta bertan bizi berri bat hasi behar izan zuten sortu berriak ziren eremuetan. Ama migratzaile horietako bat izan zen. Nerabea zelarik bere herria, bere kultura eta bere ama utzi eta Gaztelatik Euskal Herrira etorri behar izan zuen herrian ez zuen etorkizunaren bila. Bizi berriak aukerak eskaini zizkion, baina herrian zituen sustraiak galdu egin zituen. Ruderalak bezala, ausarki hazi eta bizi izan zen. Azaldutako lanak apunteak, marrazkiak eta grabatuak dira. Marrazkiak arkatzez eta errotulkiez eginak dira. Grabatuak egiteko teknika ezberdinak erabili dira eta Bilbon Maite Arenazak zuzentzen duen Grabatu Eskolan landuak dira”.