Inoizko parte hartzerik handienarekin eta giro ederrean ospatu zen joan den martxoaren 28an Iñaki Mendiluze Txugi-ren omenezko txapelketaren 27. edizioa. 18 talde lehiatu ziren, 8 nesketan eta 10 mutiletan. Osasuna izan zen txapeldun nesken torneoan eta Lakua txapeldunorde. Mutiletan, berriz, Martutene garaitu zitzaion Realari.
Txapelketaren lehen fasea amaitu ondoren, ohi denez, Mendiluze gogora ekartzeko ekitaldia egin zuen Urola Kirol Elkarteak, haren familiak eta udal agintariek lagunduta. Txapelketan parte hartu zuten Urolako gaztetxoak izan zituzten alboan.
Bestalde, une hunkigarria bizi izan zen sari banaketari ekin aurretik: Urolako zuzendaritzak Alberto Fernandez omendu zuen. Izan ere, zumarragarrak azken aldiz egin zituen epaile lanak Txugi txapelketan.
288 parte hartzaile izan dituen txapelketa antolatzea erronka handia izan zen Urola Kirol Elkarteko zuzendaritzarentzat. Horregatik, lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkie laguntzen aritu ziren pertsona guztiei.
Horra hor Arri Iraetak ateratako argazki batzuk.