ZUbertsotan bertso eskolaren katearekin jarraituz, hona Gorka Azkarate Tornerrek jarritako 'Aupa Athletic' bost bertsoko sorta.
- Egilea: Gorka Azkarate Torner
- Gaia: ‘Aupa Athletic’
- Doinua: Aita izena
Aurrera doa etenik gabe
gure bertso kate zaharra,
mugikorrera heldu berri zait
“nagusiaren” marmarra…
Gai bat behar dut, gai bat behar dut,
berdin du ona zein txarra,
ta telebista piztu orduko
hau monologo zakarra,
aupa Athletic, herriarena,
geurea eta bakarra.
Osakidetza gainbehera doa
hain du geroa, zatarra,
prezio denek gainditu dute
uste ez genuen marra,
testuinguru honetan beti
erruduna kanpotarra,
eta halako batean hor da
ibaian gora gabarra,
aupa Athletic, herriarena,
geurea eta bakarra
Palestinarren sufrimendua,
aienea ta negarra,
munduko beste hainbat txokotan
boterearen oldarra.
Iluna bada orainaldia
ilunagoa biharra,
baina hemengo zigilua da
lehoi arra, bere garra,
aupa Athletic, herriarena,
geurea eta bakarra.
Igo bezala jaitsiko zaigu
hauteskundeen aparra,
mila promesa eta hitz eder,
urrea eta zilarra…
Diskurtso antzu gehiegi eta
orohar maila kaxkarra,
baina herritar, zertan kezkatu,
zertan xahutu indarra,
aupa Athletic, herriarena,
geurea eta bakarra.
Gizarte gisa aspaldi galdu
ote genuen iparra,
ibai ertzean zuri ta gorri
“herri” baten deiadarra.
Enpirikoki azalpen zaila,
nekeza, daukan sukarra.
Aupa Athletic oihu ozena
entzun arren barra-barra
gizonezkoen Athletic, aupa,
dago zehaztu beharra.