Teknologiaren eta hizkuntzaren bidezko sormena landuko dituzte, ordenagailuei tripak aterata
Urretxuko eta Zumarragako udalek Tekno Hiriko Hiritarrak teknologia eta sormena uztartuko dituen ikastaro berritzailea antolatu dute, maiatzaren 6, 13, 20 eta 27rako (astelehenak). Lau saio horietan, partaideek ordenagailu zaharrei tripak aterata, hiri futurista bat eraiki eta hiri horretako biztanleei historia eta istorioak asmatuko dizkiete. Historia eta istorioak ahotsez grabatuko dituzte eta QR bidez entzun ahalko dituzte ikastaroaren bukaeran bertaratzen direnek. Alex Gonzalez komunikazioan, irudian eta soinuan aditua eta animatzaile soziokulturala eta Leire Agirre gizarte hezitzailea izango dira ikastaroa dinamizatuko dutenak. Ikastaroaren bitartez, teknologiarekin jolastuz, euskaraz, ahozko komunikazioa landuko dute. Ikastaroan Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBH 1 eta 2ko ikasleek parte hartuko dute.
Ikastaroa Urretxuko kultur etxeko areto nagusian egingo dute, aurrez aipatutako egunetan, 17:00etatik 19:00etara bitartean. Gehienez ere, 15 lagunek hartu ahalko dute parte. Izena emandakoak gehiago balira zozketa egingo litzateke, eta maiatzaren 2an bertan jakinaraziko litzaieke ikastaroan parte hartuko luketen ala ez. Izena emateko epea maiatzaren 2ra bitartean dago zabalik, labur.eus/8a1jg helbidean, ikastaroa doan da.