Gonzalo Gonzalezek ziklomotorrak gustuko ditu. Bereziki, Mobyletteak. Euskadiko Mobyletteen Lagunak elkarteko kidea da eta igandean topaketa egingo dute Zumarragan.
Euskadiko Mobyletteen Lagunak elkarteak Zumarragan egingo du hurrengo topaketa. Igandean izango da eta ekitaldian ziklomotor klasikoak dituzten guztiek parte hartu ahal izango dute.
09:00etan irteera egingo dute. 62 kilometro inguru egingo dituzte inguruko errepideetatik. 11:00etan Urzubi tabernan geldialdia egingo dute. 12:00etan 58 kilometroko irteera egingo dute. 14:00ak aldera Urzubi tabernan bazkalduko dute. Parte hartu nahi dutenek elkartearen Facebookera mezua bidali behar dute.
Igandeko ekitaldiaren bultzatzailea Gonzalo Gonzalez da. Gonzalez Galizian jaio zen, baina bere ama zumarragarra da, Arrate Perez. Berak 5 urte zituenean familia Villabonara etorri zen eta 12 urtetik aurrera Legorretan bizi izan zen. Egun, Zumarragan bizi da. Itsasondoko Jaso garabi enpresan lan egiten du. Tornularia da.
Umetatik gustatzen zaizkio ziklomotorrak. “Mutikotan zaharragoen motorrak ikusten nituen eta lehen soldatarekin Derbi bat erosi nuen. Harrezkero, denetik eduki dut: Mobylette, Puch, Rieju… Automozio mekanika zikloa egin nuen Goierrin. Maisua Zuremotoko Jon zen eta tailerrera eraman ninduen. Bi urte eman nituen berarekin lanean, Lazkaon”.
Moto guztiak gustatzen zaizkio, baina bereziki ziklomotorrak. “Horiekin hobeto pasatzen dut. Pasiatzera zoazenean aldamenekoarekin hitz egin dezakezu, batek matxura badu guztion artean konpontzen dugu, aldapa gora laguna aurreratzen baduzu adarra jotzen diozu…”.
30 bat ziklomotor ditu. Gehien gustatzen zaizkionak Mobylette markakoak dira. “Kariño handiagoa diet, beharbada gaztetan gehien erabili nuena delako. 16-17 Mobylette ditut. Patentea frantsesa zen, Motobecane enpresarena, baina Mobylette markakoak Eibarren egiten ziren. GAC enpresak egiten zituen. Marka horretako bizikleten bilduma ere badut. Armagileak ziren eta, armak egiteari utzi ziotenean, bizikletak egiteari ekin zioten. Ondoren, bizikletei motorra jarri zieten”.
Mobylette ziklomotorrek arrakasta handia izan zuten, beste marketakoak baino merkeagoak baitziren. Estatu espainiarrean gehien saldu zen ziklomotorra izan zen. Zaletu asko daude eta elkartea sortzea erabaki zuten. “Foroetan jendea ezagutu nuen, gelditu egiten ginen eta elkartea sortzea erabaki genuen. Hemezortzi lagun gara elkartean. Arrasate, Irun, Lazkao, Ordizia, Oñati, Donostia, Bermeo, Iruña, Ziordiko… jendea gaude. Igandean nafarrak ere etorriko dira. Ziklomotorrean, gainera”.
Moto txikiak dira, baina fidagarriak. “Gehienok motorrak berritu ditugu”. Berritze lanak beraiek egiten dituzte. Izan ere, oso moto sinpleak dira. “Gainera, Marokon eta Kuban oraindik ziklomotorrak egiten dituztenez, ez dugu ordezko piezak lortzeko arazorik”.
Zaleek moto txiki horiek estimu handian dituzte. “GACk 40 Mobylette ezberdin baino gehiago egin zituen. Batzuk garesti samar ordaintzen dira. Zaharrenek bizikleta itxura dute. Horietako batzuk ere baditut”.
Scooterrak azaldu zirenean, jendeak ziklomotorrak erosteari utzi zion. “Mobylette ziklomotorrak langile jendeak erosten zituen. Hasierakoak motordun bizikletak ziren. 1980ko hamarkadakoak modernoagoak ziren, urez hozten ziren. Baina scooter-ak heldu zirenean, jendeak ziklomotorrak erosteari utzi zion. Izan ere, scooterrek potentzia handiagoa dute, galga hobeak dituzte…”. Mobyletteen xarma nekez gaindituko dute, ordea.