Proposamen bakarra aurkeztu da eta ez ditu baldintzak betetzen
Atzoko Zumarragako osoko bilkuran interpretazio zentroko tabernari buruz hitz egin zuten. Udalak lehiaketa antolatu du taberna berriro esleitzeko, baina proposamen bakarra aurkeztu da eta ez ditu baldintzak betetzen. Hori dela eta, udalak pleguetan aldaketak egingo ditu eta deialdi berri bat egingo du.
Antioko interpretazio zentroko taberna 2013ko irailean ireki zen. Bidebide enpresari esleitu zitzaion eta ordutik beraiek arduratu dira zerbitzua emateaz. “Oinarri sendoak jarri dituzte. Bidebideren eta langile guztien prestutasuna eskertu nahi dut. Antio eta ingurumena zaindu dituzte. Orain, Bidebidekoek erretiroa hartu behar dute. Duela hamar urte ere, lehen deialdian ez zen zerbitzua esleitu eta pleguetan aldaketak egin behar izan genituen. Azkenean, bost proposamen jaso genituen”, azaldu zuen Mikel Serrano alkateak.
Horretaz gain, zerbitzuak etenik izan ez dadin lan egiten ari direla esan du. “Bidebidekoek utzi eta berriek hartu bitartean lan egingo duen norbaiten bila ari gara”.