Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduren mahai politikoak hauteskundeen balorazioa egin zuen bart, eta bi herrietan aldaketa martxan dela esan dute. 2020ko EAEko hauteskundeekin alderatuz, Urretxun 320 boto eta Zumarragan 434 boto gehiago lortu ditu koalizio soberanistak. “Bi herriotan, EH Bilduk historiako bozka kopuru handiena lortu du, Urretxun 1.353 botorekin eta bozken %40a eskuratuta, eta Zumarragan 1.538 botorekin eta bozken %34a eskuratuta. Oso eskertuta gaude, bi herriotan eta maila nazionalean egindako lanak bere fruituak ekarri baititu. Gipuzkoan aldaketa nahia errealitate bat da, eta Urretxu eta Zumarragan ere hala erakusten dute emaitzek”, aipatu dute.
Bestetik, kanpainan zehar aipatu zuten moduan, EH Bilduri esker Goierri garaiko gaiak Gasteizko Legebiltzarrean presente izango direla esan dute. “Izan ere, eskualdeak ordezkari bakarra izango du ganberan, Josu Aztiria Urtaran. Orain lanean jarraitzea besterik ez dago, jendearen ongizatea erdigunean ipiniaz eta konfidantza transmitituz”.