Udalek murrizketei aurre egiteko, plantilla handitzeko eta itxaronaldiak laburtzeko lan egingo dute. Udalek orain arte egindako lana aitortzen da, PSE-EE eta EAJk hala eskatuta.
Zumarragako anbulatorioa egunero eta eguneko 24 orduetan irekitzearen alde lan egiten duen 24/7 plataformak Goierri garaiko eta Gabiriako udaletan mozioa aurkeztu du, lehen mailako arretaren defentsan. PSE-EE eta EAJk emendakin batzuk aurkeztu dituzte. Zumarragan mozioa alderdi guztiek onartu dute, PSE-EEk eta EAJk proposatutako aldaketekin. Urretxun bi bozketa egin dira: plataformaren testuarena eta PSE-EEk eta EAJk egindako aldaketak jasotzen dituen testuarena. Plataformaren testua ez da aurrera atera, EH Bilduk alde bozkatu baitu eta EAJk eta PSE-EEk aurka. EAJk eta PSE-EEren aldaketak jasotzen dituen testua onartu egin da, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
Plataformak bost eskakizun egin ditu bere mozioan. “Udal honek konpromisoa hartzen du osasun zerbitzuetan lehen mailako arretan gertatu diren aldaketak edo murrizketak konpontzeko kudeaketa egoki guztiak egiteko”, da plataformak udalei eskatutako lehen konpromisoa.
Bigarrenean, udalei jaurlaritzara jotzeko eskatzen diete. “Udal honek, eskualdeko gainerakoekin batera, konpromisoa hartzen du Osasun kontseilaritzara jotzeko eta Etengabeko Arreta Gunea (EAG) eta haren larrialdi zerbitzua berriro irekitzeko eskatzeko, eskualde osoari osasun estaldura emateko”.
Hirugarren konpromisoa langileriari lotua dago. “Era berean, lehen mailako arretako osasun langileen plantilla aldatzea eskatzen dugu, 2020. urtean zegoen bezala, horrek pertsonen osasunean eragin positiboa izango duela ziurtatuta”.
Laugarren konpromisoa aurrez aurreko arretari eta itxaronaldiei buruzkoa da. “Herritarrei arreta aurrez aurre emateko eskatzea, ez telefonoz, eta arreta jasotzeko itxaronaldia laburra izatea, ez orain bezala, askotan astebetera arte luzatzen baita”.
Bosgarren eskakizuna kalitateari lotua dago. “Eskualdeko osasun zerbitzu publikoak kalitatezkoak izan daitezen eta zerbitzu horiek gauzatu daitezen lankidetzan arituko den sistema komunitario baten sorrera sustatzea”.
PSE-EEk eta EAJk emendakinak aurkeztu zituzten. “Mozioaren testua aztertuta, bi taldeok proposatzen dugu, Zumarragako Udalak gai honetan egin duen ibilbideagatik, 3. eta 4. puntuei eustea, jasotzen diren moduan, eta lehen, bigarren eta bosgarren puntuak aldatzea”.
Hala, lehen puntua horrela onartu zen: ”Udal honek bere konpromisoa berretsi egiten du osasun zerbitzuetan lehen mailako arretan gertatu diren aldaketak edo murrizketak konpontzeko kudeaketa egoki guztiak egiteko”.
Bigarren puntuan ere udalak egindako lana gogoratzen da. “Udal honek, lehen egin zuen bezala, eskualdeko gainerakoekin batera, Osasun kontseilaritzara berriro jotzeko, EAG eta haren larrialdi zerbitzua berriro irekitzeko eskatzeko, eskualde osoari estaldura emateko”.
Bosgarren konpromisoan ere aldaketak egin zituzten. “Udal honek, bere eskumenen arabera, udalerriari eta eskualdeari arreta ematen dien osasun zerbitzuak kalitatezkoak izan daitezen eta horien narriadura gerta ez dadin zaintzen jarraitzea”.