Bonuak gaur jarri dituzte salgai
Bi-Tartean elkarteak bonuen kanpaina abian jarri du gaur, Kolore Egunak lelopean. Aurten, bonuak udaberrian ateratzea erabaki du elkarteak. Udaberri/udako arropa eta oinetakoekin, norberarentzako nahiz etxerako osagarriekin, osasun, edertasun eta elikadura zaintzarekin nahiz askotariko aholkularitzarekin, Bi-Tartean elkarteko bonuek Urretxu eta Zumarragako bizilagunei ongi merezitako oporretarako prestatzen lagunduko diete, “estiloz, kalitatez eta, batez ere, alaitasunez”.
Bonuak ekainaren 7ra arte erabili ahal izango dira, kanpainara atxikitako establezimenduetan. Bonuen salmenta gaur hasi da, Bi-Tartean elkarteak Labeaga 56an duen egoitzan, eta agortu arte banatuko dira. Bonuak astelehen, asteazken eta ostegunetan 09:00etatik 17:00etara salduko dira, asteartetan 09:00etatik 19:00etara eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara. 40 euro ordainduta 50 euroko balioa duen bonu sorta eskuratu ahal izango da. Erosleek 10 euroko 5 bale jasoko dituzte.