Cimasub Donostiako nazioarteko itsaspeko zinema zikloa Zumarragara helduko da aurten. Maiatzaren 7an, 14an eta 21ean emanaldiak egingo dituzte Zelai Arizti aretoan eta Zelai Arizti kultur etxean eta Antioko interpretazio zentroan argazkiak ikusteko aukera egongo da. Haurrentzako eta adinekoentzako emanaldi bereziak ere antolatu dituzte. Cimasub Real Sociedad klubaren urpekaritza sailak antolatzen du, 1975etik. Munduko itsaspeko zinema ziklo zaharrenetakoa da. Aldundiaren Jasangarritasun departamentuaren eta Mater ontzi museo ekoaktiboaren babesa du.
Zumarragako ekitaldiak gaur arratsaldean aurkeztu dituzte, Zelai Arizti aretoan. Ekitaldian, Lurdes Ansa zikloko arduradunak, David Sanchez zikloko zuzendariak eta Mikel Serrano alkateak parte hartu dute.
Zikloak Gipuzkoako 20 herri baino gehiago bisitatu ditu dagoeneko, baina Zumarragara lehenengoz helduko da. Serrano pozik azaldu da. Besteak beste, herritarrek kutsadurak eta klima aldaketak itsasoan duten eragina ikusteko aukera izango dutelako.
Ansak zikloaren helburua gizartea kontzientziatzea dela esan du. “Aurtengo zikloaren leloa Etorkizun urdin bat eraiki da eta itsasoa zaindu beharraren garrantzia azpimarratu nahi du. Argazkilari eta bideografo onenen lanak ikusteko aukera izango dugu”.
Sanchezek Realaren urpekaritza sailaren berri eman du. “Urpekariak gara. 60 urte bete dira saila sortu genuenetik. Itsasoa maite dugu eta gure artean denetik dago: suhiltzaileak, ertzainak, arotzak, margolariak… Itsasoak batzen gaitu”.
Beraien helburuetako bat gizartea kontzientziatzea da. “Kirolaren, teknologiaren, zinearen, argazkigintzaren… bidez, itsasoari diogun maitasuna erakusten dugu eta jendea kontzientziatu nahi dugu. Jendeak itsasoa berea dela sentitzea nahi dugu. Eta zinea oso tresna aproposa da horretarako. Izan ere, itsasoaren edertasuna erakutsiz, jendearen bihotzera heltzeko balio du. Gehiegi arrantzatzeak, kutsadurak, plastikoak, klima aldaketak… egiten duten kaltea erakutsi nahi dugu. Itsasoa gure etxeetan hasten da, komunetik botatzen dugun guztia itsasora heltzen baita”.
Zumarragan egingo dituzten emanaldi eta erakusketetan munduko itsaso guztiak erakutsiko dituzte. “Itsaso guztiak bisitatuko ditugu, neoprenozko trajea jantzi gabe, busti gabe. Emanaldiak familian gozatzeko aproposak dira. Baita kuadrillan ere. Hiru egunetan 23 film labur eta hiru dokumental emango ditugu. Film laburren artean denetik dago: fikzioa, bideoklipak… Lehen egunean brontzezko saria lortu dutenak emango ditugu, bigarren egunean zilarrezko saria lortutakoak eta hirugarrenean urrezko saria lortutakoak. Lehenengo egunean joaten direnek hurrengoak ere ikusi nahiko dituzte, are hobeak baitira”.
Hiru egunetan Indonesiako itsasoa ikusi ahal izango da. Baita Floridako itsas zelaietan eta munduko koralezko arrezifeetan dauden arazoak eta munduko toki ezberdinetan altxor hori ez galtzeko egiten ari diren lana. Lehoi arrainaren berri ere emango dute. Arrain inbaditzaile horrek arazo larriak sortu ditu Floridan eta Mediterraneoan.
Hiru emanaldiak (maiatzaren 7, 14 eta 21ekoak) 19:00etan izango dira, Zelai Arizti aretoan. Kultur etxeko eta interpretazio zentroko argazki erakusketei dagokienez, maiatzaren 7an irekiko dira. Maiatzaren 21a arte izango dira zabalik. Gainera, maiatzaren 10ean ikasleentzako saio bat egingo dute Zelai Arizti aretoan eta maiatzaren 13an adinekoentzako saioa El Salvador gizarte zentroan. Azken hori 18:00etan izango da.