Urola Kirol Elkarteak Alberto Fernandez (Zumarraga, 1969) omendu zuen Iñaki Mendiluzeren oroimenezko futbol txapelketan, epaile lana utzi duela-eta.
Nolatan futbol zaletasuna?
Futbola betidanik gustatzen zait eta beti Urolarekin lotura izan dut. Egia esan, kirol guztiak ditut gustuko. Eskubaloia, atletismoa, areto futbola, txirrindularitza, gizon proba… egin ditut. Kirola egitea onuragarria da eta gizarte osoa horren jakitun izatea gustatuko litzaidake.
Urolan lan asko egin duzu. Nolatan?
Umetatik Urolaren jarraitzailea izan naiz. Aitak Urolaren partidak ikustera eramaten ninduen. Hala, ahal dudan guztietan Urolari lagundu diot. Urolari esker jende jator asko ezagutu dut. Lagun asko egin ditut. Urola familia bat bezalakoa da niretzat. Urolaren alde lan egiteak benetan merezi du.
Ze lan egin dituzu Urolan?
Zuzendaritzako kidea izan naiz urte luzetan. Valentin Barrena, Serafin Gartziandia, Koldo Madariaga, Francis Nuñez eta Mikel Mesonero lehendakariekin, hain zuzen ere. Talde askotako delegatua ere izan naiz: lehen taldekoa, bigarren taldekoa, kimuen taldekoa…
Nolatan hasi zinen epaile lanetan?
Juan Luis Ayuso epaile ohia eta bere iloba lagun onak ditut eta epaile izateko dohainak nituela esan zidaten. Hala, epaila lanetan hasi nintzen. Horri esker ere lagun asko egin ditut Gipuzkoa osoan.
Ze mailatan aritu zinen?
Gipuzkoako Ohorezko Mailan aritu nintzen. Lau urte eman nituen maila horretan. 18 urte eman ditut guztira. Urte horietan guztietan Urolaren lagunarteko partidak ere arbitratu ditut. Epaile lana egiteari utzi diot, baina ez dut Gipuzkoako Futbol Arbitroen Biltzar Teknikoa utzi. Informatzaile lana egiten dut. Partidetara joaten naiz eta epaileak egindako lanari buruzko txostena egiten dut.
Urolak omenaldia egin dizu.
Ezustekoa izan zen. Asko hunkitu ninduen. Izan ere, Urola bihotzean eraman dut beti. Eskerrak eman nahi dizkiet. Gainera, egun hartan Arkonada bere bilobaren partida ikustera etorri zen eta berarekin argazkia ateratzeko aukera izan nuen. Arkonada nire idoloa da. Egun borobila izan zen.
Zergatik erabaki duzu epaile lana uztea?
Antio enpresan lan egiten dut eta nire bikoteari tabernan laguntzen diot. Ez dut denborarik. Gainera, 55 urte ditut dagoeneko eta 22-23 urte dituzten gazteekin korrika egitea… Ondo nago, baina dagoeneko ez nago beraien mailan. Hori bai, beteranoek beraien partidaren bat arbitratzeko deitzen badidate, mesedea egingo diet.
Gogorra al da epailearen lana?
Gogor xamarra da, bai. Batez ere, atseginak ez diren gauza asko entzun behar direlako. Ni ikusleez ahazten nintzen eta partidan jartzen nuen arreta guztia.
Lan zaila al da?
Ez. Arauak ondo ezagutuz gero, ez. Egia da ere FIFAk gure lana geroz eta gehiago zailtzen duela.
Ba al dago bereziki gogoratzen duzun partidaren bat?
Urolaren eta Realaren beterano taldeek elkarren aurka jokatutakoak. Izan ere, nire bihotzeko bi taldeak dira. Lehenengoz partida hori arbitratzea eskaini zidatenean, asko hunkitu nintzen. Are gehiago, partida hori Musti Mujikaren omenez antolatzen zelako. Musti oso pertsona ona zen eta Lehen Mailara iritsi zen. Erreferentea zen.
Ba al dago bereziki gustatzen zaizun arbitroren bat?
Egungoen artean, Del Cerro Grande gustatzen zait. Oso serioa da. Lehengoen artean, Guruzeta.
Zer da Urola zuretzat?
Niretzat Urola dena da. Bi herriotako zutabeetako bat da.
Nola ikusten duzu kluba?
Familia bat da. Neska-mutikoen artean kirola sustatzen duen familia handi bat.
Herriko beste ekimen batzuetan ere parte hartzen duzu.
Urte luzetan Eitzako jai batzordeko kidea izan naiz eta danborradan eta kabalgatan parte hartzen dut. Herriaren alde lan egin behar dela uste dut.