
Isa Lainezek eta Xabier Torresek urte batzuk itxita daramatzan Zumarragako Balentiña jatetxea berriro irekiko dute, ekaina hasieran. Lainez hondurarra da eta 16 urte daramatza Euskal Herrian. Torres, berriz, azpeitiarra da.
Lainez sukaldaria da. Lazkaoko Amets eta Nerea jatetxeetan eta Ezkioko Agirretxen lan egin du. Agirretxe jatetxeko nagusiak erretiroa hartu du, Lainezek eta Torresek jatetxea hartzeko asmoa zuten baina jabearekin ez dute akordiorik lortu eta Balentiña hartzea erabaki dute. Lainez sukaldean arituko da eta Torres barran. Agirretxeko gainontzeko lankideen laguntza izango dute.
Oso pozik ageri dira. “Ez genuen Balentiña ezagutzen. Egoitz Armaolea ezagutzen dugu, jatetxea eskaini digu, ondo dagoela ikusi dugu eta etortzea erabaki dugu. Lanerako gogoa eta ilusioa ditugu”.
Agirretxen eskaintzen zutena eskainiko dute. “Etxeko sukaldaritza eskainiko dugu. Astelehenetik igandera bazkariak eta ostiraletan eta larunbatetan afariak ere bai. Asteburuan menu berezia eskainiko dugu. Balentiñan parrilla dugu eta hori izango da gure espezialitatea. Agirretxen bezero asko genituen eta askok Balentiñara etorriko direla esan digute. Izan ere, asteburuetako bezero asko Zumarragakoak ziren”.
Taberna zerbitzua ere eskainiko dute. “10:00ak aldera irekiko dugu eta nahi duenak kafea edo pintxoa hartu ahal izango du. Poteatzera ere etorri ahal izango dira”.