
UGLE lanbide eskolak zibersegurtasun masterra egiteko aukera eskainiko du datorren ikasturtean. Master hori egiten dutenek enpresei erasoak saihesten lagunduko diete. Baita dagoeneko erasoak jaso dituzten enpresei kalteak arintzen ere.
Masterra gaur goizean aurkeztu dute UGLEko laborategian. Ekitaldian Xabier Arratibel UGLE fundazioko zuzendariak, Gorka Iturzaeta UGLEko zuzendariak eta Dani Diaz Ikerketa eta Garapen saileko kideak parte hartu dute.
Arratibelek UGLEren eskaintza Goierri garaiaren eta bertako enpresen beharretara egokitua dagoela gogoratu du. Iturzaetak Goierri garaian erronka ezberdinak daudela gehitu du. “Horietako bat espezializazioa da. Hala, espezializazio ikastaroak eskaintzen ditugu. Espezializazio horiek lanbide heziketako masterrak dira”.
Iaz fabrikazio adimentsu masterra eskaini zuten eta datorren ikasturtean zibersegurtasunari buruzkoa eskainiko dute. Industria alorrari lotutako zibersegurtasuna, hain zuzen ere. Urtebeteko ikastaroa izango da. Eskolan teoria eta praktika landuko dituzte eta ondoren enpresan landu ahal izango dute.
Diazek zibersegurtasunaren garrantzia azpimarratu du. “Zibersegurtasuna oso garrantzitsua da industrian ere. Zerbitzuak eta prozesuak babestu behar dira. Makina guztiak sarean daude eta masterrean makinak hacker-en erasoetatik babesten irakatsiko dugu. Baita eraso bat egon denean zer gertatu den ulertzen ere: erasoa nondik heldu den eta zer egin behar den berriro gerta ez dadin. Eta erasotutako makina lehenbailehen martxan jartzen, ahalik eta merkeen. Egun, makinak edozein tokitatik ikusi eta kontrolatu ditzakegu, baina edozein tokitatik eraso daitezke”.
Bukatzeko, Arratibelek UGLEko ikasleak enpresetan proiektuak martxan jartzeko prestatzen dituztela esan du. “Gure metodologia erronketa oinarrituta dago. Proiektuak garatuz ikasten dute. Eta proiektu horiek enpresetan ezarri daitezke. Enpresak halako ikasleak hartzeko prestatu behar dira. UGLEko ikerketa eta garapen sailak enpresei proiektuak garatzeko laguntza ematen die”.