Finala Zaragozan jokatuko da: duela 37 urte 'Musti' Mujikak Kopa irabazi zuen toki berean
Elene Lete Realeko atezain zumarragarrak Kopako finala jokatuko du larunbatean Bartzelonaren aurka. Partida 19:00etan jokatuko da, Zaragozako La Romareda estadioan. ETB2k eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute, euskaraz. ETB2k saio berezia egingo du, 16:20etik aurrera.
Erronka sekulakoa da, Bartzelona munduko talde onenetako bat baita, baina Realak lehenago ere irabazi du Kopako final bat Zaragozan. Duela 37 urte Realeko gizonezkoek Atletico Madrili irabazi zioten, penaltietan. Orduko hartan ere zumarragar batek jokatu zuen: Juan Mari Musti Mujikak. Penaltietako bat sartu zuen, gainera.