Mikel Balenziaga futbolari zumarragarrak 2. Mailara igotzea lortu du, A Coruñako Deportivo taldearekin. Egun handia izan zen atzo A Coruñan. Riazor futbol zelaian 31.000 zaletu baino gehiago elkartu ziren eta zoramena nagusitu zen partida amaitu zenean.
Balenziagak atzoko lorpena sekulakoa dela esan zuen. “Athleticen une zoragarriak bizi izan nituen eta Valladolidekin igoera bat bizi izan nuen, baina A Coruñako giroa ikusgarria da. Zaleek merezi duten tokian gaude azkenean eta ea urte gutxi barru Lehen Mailara igotzea lortzen dugun”.
Kazetariek gabarrarekin ospatzea proposatu zioten. “Dei pare bat egitea da kontua”, erantzun zuen txantxetan.