Urretxuko eliza txiki gelditu da gaur arratsaldean, Mitxel Badiolari azken agurra egiteko. Badiola Urolaren historiako goleatzaile nagusia da (Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen taldeko aurrelaria zen) eta Realaren harrobian lan egiten zuen. Hala, Urolak eta Realak ordezkaritza zabala izan dute: lehendakariak, zuzendaritzako kideak, jokalariak, jokalari ohiak… Realak hainbat autobus ekarri ditu Urretxura, harrobiko neska-mutikoekin. Lehen taldeko jokalari eta jokalari ohiak ere bertan izan dira. Mikel Oiartzabal, Aritz Elustondo, Beñat Turrientes, Alvaro Odriozola, Jon Pacheco, Ander Barrenetxea, Xabi Prieto, Imanol Agirretxe eta Jon Ansotegi, besteak beste.