Urola Kirol Elkartearen ohorezko bazkide izendatuko dute larunbat honetan (maiatzak 18) Leandro Alejandro, hiru hamarkada baino gehiago baitaramatza klubaren alde lanean. Ekitaldia 16:45ean egingo da, Urolak eta Elgoibarrek jokatuko duten Ohorezko Mailako 33. jardunaldiko partidaren atsedenaldian.
Duela 76 urte Valladolideko Villalon de Campos herrian jaio zen Leandro. 14 zituela iritsi zen Euskal Herrira: Urretxuko San Martin auzoan bizi izan zen lehendabizi, eta 20 urterekin, Zumarragako Leturiatarren auzora igo zen, bertan etxeak egin zituztenean. Irimo enpresan egin zuen lan.
1980ko hamarkada amaieran eta 90eko hasieran hasi zen Urolan laguntzen. Zuzendaritzako kide izan zen hainbat urtetan. Tartean, Urolak Hirugarren Mailan jokatu zuenean. Delegatua izan da, kantinan lanean aritu da eta azken urteotan, zozketa txartelak saltzen ikusi ohi dugu astebururo Argixaon, baita Santa Lutzi egunean ere, Soraluze kalean, Gabonetako loteria eta saskien txartelak saltzen.
Hiru seme ditu Leandrok eta bi gazteenek, Javik eta Albertok, Urolan jokatu zuten. Alberto Realean ere aritu zen. Bost biloba ditu eta horietako bat, Markel, Urolako 1. Mailako Erregional taldeko kidea da. Ormaiztegin bizi den beste biloba batek, berriz, Seguran jokatzen du.
Pertsona maitatua da Leandro Argixaon, etxe ondoan egonik, ia egunero joaten baita bertara, eta edozertan laguntzeko prest izaten da beti. Horregatik, mezitako omenaldia jasoko du larunbat honetan. Urolaren zuzendaritzak bertara joateko deia egin die zaletuei eta Urretxuko eta Zumarragako herritarrei.