Urretxu eta Zumarragako haurrek udaleku irekiez gozatu ahal izango dute aurten ere. Opor garaian aisialdia modu dibertigarri, hezitzaile eta aberatsean eta euskaraz disfrutatzeko aukera izango dute. Udaleku irekiak 2013 eta 2018 urteen bitartean (biak barne) jaiotako haurrei zuzenduak daude. Uztailaren 4an hasiko dira eta uztailaren 22an amaitu. Astelehenetik ostiralera arituko dira, 10:00etatik 13:00etara. Partaideei aldez aurretik jakinaraziko zaie euren topalekua.
Izena emateko epea bihar (osteguna) irekiko dute. Hilaren 30a izango da izena emateko azken eguna. Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean (10:00etatik 13:00etara) edo Urretxuko Aizpurunea kultur etxean (17:00etatik 20:00etara) eman daiteke izena. Horra hor eraman beharrekoak: izen emate orria guztiz beteta eta Osakidetzaren txartelaren fotokopia. Kuota 36 eurokoa da. Eskaera orrian adierazitako kontu korrontearen bitartez kobratuko da.
Aurre izen ematea bi udalen wegbuneetan egin daiteke, maiatzaren 31 baino lehen. Baina behin betiko izen ematea egiteko beharrezkoa da bi kultur etxeetako batetik pasatzea, Osakidetzako txartelaren fotokopia eramatera eta izen emate orria sinatzera.
310 leku daude. Izen ematearen ordena jarraituko da, leku guztiak bete arte.
Aurtengo udaleku irekiak atzo eguerdian aurkeztu zituzten Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak eta Nerea Errasti Zumarragako zinegotziak. Urtero bi udalek elkarlanean antolatzen duten zerbitzu hau familientzako eta haurren heziketarako “ezinbesteko” bihurtu dela gogoratu zuten. “Batzutan zaila izaten da familia kontziliazioa, haurren oporrak eta gurasoen oporrak ezbaitatoz bat gehienetan. Udalekuek horretan ere lagundu nahi dute, haurrak eta familiak erdigunean jarrita, ongizatearen helburuarekin. Aldi berean, udaleku irekiek enpleguaren sustapenerako ere balio dute. Izan ere, begiraleak kontratatzen dira haurrekin aritzeko. Balorazioa oso positiboa izaten da alderdi guztietatik”.