Zumarragako parrokiako erloju zaharra herrira itzuli da. Ikusi nahi dutenek, Antioko intepretazio zentroan dute horretarako aukera.
Zumarragako parrokiako erlojua Ieregi erlojugile familia ospetsuko kide batek egin zuen. Elizak eta udalak erdibana erosi zuten, duela 125 bat urte. Elizako kanpandorrean egon zen, 1980ko hamarkadara arte. Matxura bat izan zuen eta konpondu beharrean, beste bat erosi zuten.
Iruña eta Tuterako artzapezpikutzan horren berri izan zuten eta gutun bat bidali zuten Zumarragako parrokiara: museo bat egiten ari ziren eta erlojua eskatu zuten. Udalak erlojua bidaltzeko baimena eman zuen, baina baldintza bat jarri zuen: 12. urtetik aurrera, erlojua berreskuratzeko aukera.
Erlojua Zangotzako kaputxinoen komentuan egon da orain arte. Parrokiako jendeak alkateari erlojua berreskuratzeko eskatu dio eta honek erlojua eskatu die nafarrei. Martxoan ekarri zuten eta ordutik interpretazio zentroan dago. Erlojugilearen birloba bat parrokiako jendearekin harremanetan jarri da eta erlojua nola konpondu irakatsiko diela esan die.