Heldu da Eitzako jaietako asteburua. Arratsaldean, haurrek txotxongilo ikuskizun batez gozatzeko aukera izan dute eta txokolatada egin dute. Ondoren, jai batzordeak musika emanaldia egin du eta txosna ireki dute. Urolatarrak txaranga auzoko kaleak girotzen ari da. Gauean herrikoia egingo dute auzoko elizako arkupean. Ondoren, bingoan jokatuko dute. Gauerditik aurrera, DJ Inaxekin dantza egingo dute txosna ondoan.
Biharko ere makina bat ekitaldi antolatu dute. 12:00etan toka txapelketa jokatuko dute San Gregorion eta pilotalekuan gaztetxoen txapelketako finalak jokatuko dira. Ordu berean ZU Dantzaz taldeak dantzaldia egingo du, Jalki Hadi taldearekin.
Larunbat arratsalderako bi ekitaldi antolatu dituzte: 17:00etan haurren krosa hasiko da eta 19:30ean Xaukena elektrotxarangak auzoko kaleak girotuko ditu. Krosean parte hartu nahi duten haurrek 16:15etik aurrera eman behar dute izena.
Larunbateko ekitaldiekin bukatzeko, 23:30ean erromeria egingo dute Iratzar taldearekin, txosnaren ondoan.
Azken ekitaldiak igandean izango dira. 10:00etan, Antxiñako Ama txistulari taldeak goiz eresia egingo du. Ordu berean, meza egingo dute auzoko elizan. Mezan zehar Goiargi abesbatzak abestuko du. 11:00etatik 14:00etara bigarren eskuko azoka egingo dute San Gregorion. 12:00etatik aurrera, berriz, Zumarragako bandak auzoko kaleetan joko du. Bazkaldu aurreko ekitaldiekin bukatzeko, 13:30etik aurrera Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldak auzoko kaleetan joko du.
15:00etan paella jana egingo dute txosnaren ondoan. Bazkaria Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak girotuko du. Bertan bildutakoek taldeko kideekin batera abestuko dute. Bazkariko tiketak Eitza, Bidezar, Buhame eta Urzubi tabernetan, Josune janaridendan eta Eitzako Endaia okindegian eskura daitezke, bi euroren truke. Bukatzeko, 18:00etatik aurrera txosna gunean elkartzen direnek DJ Draxagardorekin dantza egingo dute.