La Salle-Legazpi ikastetxeko Arco Iris antzerki taldeak Iker Elduaien kideak idatzitako Juicio de Valor lana estreinatuko du gaur, 20:15ean, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.
Elduaien Zumarragan jaio zen 2001ean. La Salle-Legazpin egin zituen oinarrizko ikasketa eta egun Kazetaritzako laugarren maila ikasten ari da.
La Salle-Legazpin izan zuen lehen hartu-emana antzerkiarekin. “Urtero musikal bat egiten dugu eta nire adinekook Sister act egin genuen. Pelikula asko gustatzen zait eta oso ondo pasa nuen. Urtero, Arco Iris taldekoak La Salle-Legazpiko ikasleen antzerki saiora joaten dira talentu berrien bila, nire lana asko gustatu zitzaien eta beraiekin aritzea proposatu zidaten. Baiezkoa eman nien eta ordutik, 2016tik, Arco Iris taldeko kidea naiz”.
Talde honek antzerkigile ospetsuen lanak antzeztu ohi ditu, baina aurten Elduaienek idatzitako lan bat antzeztuko dute. “Iaz gauza ezberdinak idazten hasi nintzen eta pixkanaka antzezlan forma hartu zuten. Iraila-urrian urteroko antzerki saioa prestatzen hasten gara eta nik idatzitakoa antzeztea proposatu nien. Baiezkoa eman zidaten”.
Antzezlanaren izenburua Juicio de valor da eta misterioa eta umorea uztartzen ditu. “Nire esentzia duela diote. Zinea asko gustatzen zait eta niretzat erreferenteak diren lanetako gauzak hartu ditut: Agatha Christie-ren Diez negritos, Alex de la Iglesiaren La comunidad, Las chicas de oro telesaila… Jauregi batean hilketa bat gertatu da eta ikertzaile bati deitu diote. Sherlock Holmes-en eta Agatha Christie-ren istorioen ukitua du, baina txisteek gaurkotasuna dute. Oso gustura lan egin dugu, erraza izan da, baina argi utzi nahi dut ez naizela Moliere. Bestalde, lana nik sinatu dut, baina Arco Iris taldeko kideen ekarpenak jaso ditut”.